Pantailen eta mugikorren erabilera desegokiaren aurrean, Jaso Burua Soraluze ekimena

Ubane Madera Zangitu 2024ko urt. 2a, 16:28

Jaso Burua Soraluze ekimenaren bultzatzaileak.

Pantailen gehiegizko erabilerarekin edo haien erabilera okerrarekin arduratuta, Jaso Burua Soraluze ekimena sortzeko lehen pausoak eman dituzte, guraso baten ekimenez, Atxolin eta Keixeta guraso elkarteek eta Soraluzeko Udalak. Gaiarekin interesa duen edozein izan daiteke bertako kide. Besteak beste urtarrilaren 17an, Miren Ros bidelagunaren eta adituaren hitzaldia antolatu dute, 18:00etan antzokian.

Herrira ere ailegatu da mugikorrekin eta pantailekin egiten den erabilera desegokian arreta jarri nahi duen mugimendua. Jaso Burua Soraluze izena hartu du eta berau bultzatzen ari dira Ane Ugalde gurasoa, Atxolin eta Keixeta guraso elkarteak eta Soraluzeko Udala. 

Gipuzkoan, Altxa Burua izena hartu du mugimenduak eta Soraluzen moduan, bestelako hainbat herritan ekimen bera indarra hartzen ari da eta herri-taldeak sortzen.

Soraluzeri dagokionez, datozen asteotan sortuko dute Jaso Burua Soraluze egituratuko duen talde eragilea. Gaiarekin interesa duen edozein izan daiteke kide. Halaber, gaia lantzen hasteko lehen ekimena antolatu dute, Miren Ros bidelagunaren eta adituaren hitzaldia, urtarrilaren 17an, 18:00etan, antzokian. Hain justu, ordura arteko tartea zabalduko dute talde eragilea osatzeko eta hitzaldi hori ere baliatuko dute horretarako. Behin talde eragilea sortuta hasiko da martxan Jaso Burua Soraluze. 

Indarrak batu, eragiteko

"Lehen helburua da sentsibilizazioa eta kontzientziazioa, begiak zabaltzea. Hau daukagu, arazo bat da, ez da broma eta konturatu gaitezen. Ez dakigu zer egin behar dugun, baina goazen indarrak batzera, kontzientzia eta kezka orokortzera eta ardurak hartzera, eta hori familien, elkarteen, eskolen, herri eragileen eta Udalaren artean egiten bada, hobe", esplikatu du Ane Ugaldek. 

Pantailak Interneterako sarbide

Ekimenaren bultzatzaileek azpimarratu dutenez, esparru asko dituzte lantzeko. "Gai zabala da; adinaren arabera, kezka desberdinak daude; mugikorren erabilera goiztiarra da kezka bat, beste bat da pantailen gehiegizko erabilera, sare sozialak…"Adibidez, eskolan, haur txiki batzuengan antzematen ari dira hizkuntza atzerapena pantailen erabileraren ondorioz. DBHn, mugikorra dutenean, kezka da zein erabilera egiten duten, zer arazo sortzen diren, zer gatazka, zer ikusteko erabiltzen den eta mugikorrekin helduok egiten dugun erabilerarekiko kezka ere hor dago", dio Maite Quintanilla Haur eta Gazte zinegotziak. Maialen Oregi Atxolin elkarteko kideak gaineratu duen moduan, "pantaila da gauza bat eta Interneteko sarbidea beste bat, hor daude sare sozialak, youtube, ciberbullynga… Soraluzen dagoeneko izan dira ciberbullyng kasuak".

“Helduok pantailen eta batez ere mugikorren inguruan egiten dugun erabileraz ere kontzientzia piztu nahi dugu, gu ere une oro garelako eredu”, gaineratu dute.

12 urtera arte mugikor barik

Jaso Burua Soraluze ekimenaren aurrekaria LH3 mailako umeen (8 urteko umeak) 42 gurasotatik 26k sinatu duten kontratu bat da. Mugikorren erabilera goiztiarra mugatu nahian, konpromisoa hartu dute euren seme-alabei mugikorrik ez oparitzeko 12 urte bete arte. Irailean, Ane Ugalde gurasoak bultzatu zuen ekimena eta Soraluzera ez ezik, Eibarreraino ere ailegatu da.  

Honakoa da sinatu duten kontratua:

Gaur egun mugikorraren gehiegizko erabilerak eta sare sozialetan adin goiztiarretan hasteak gure seme-alabengan duen eraginaz arduratuta, 2023-2024 ikasturtean Plaentxi Herri Eskolako Lehen Hezkuntzako 3. mailan dauden ikasleen gurasook ondorengo lerroetan adierazitako konpromisoa hartzeko hautua egin dugu.

Aldez aurretik, azpimarratu nahi dugu, konpromiso honen oinarrian guraso bakoitzak duen askatasuna eta erabaki ahalmena dagoela. Bakoitzaren erabaki propioz eman ahalko du bere atxikimendua idatzi honetan jasotakoari. Horrez gain, familia bakoitza aske izango da edozein arrazoi dela eta konpromiso honetan jasotakoa ez betetzeko.

Aipatutakoa oinarritzat hartuta, hau da guraso talde honek bateratuta hartu duen konpromisoa: aurtengo ikasturtetik hasita lehen hezkuntza osoko ikastaldia bukatu arte, (LHko 6. maila bukatu arte), gure seme-alabei mugikorrik ez oparitzea/erostea adostu dugu.

12 urte bete arte, gure seme-alabek ez dute beraien mugikor propiorik izango, alegia. Konpromiso bateratu horrekin, gure seme-alabak mugikorraren gehiegizko erabileratik kanpo izan ahalko ditugula sinesten dugu eta horretan tinko mantentzeko ahalegina egiteko prest gaude. Taldean erabaki bateratua hartuta gainera, helburu hori lorgarriagoa izango zaigula uste eta espero dugu.

Konpromiso hau idatziz jasotzearen arrazoiak, alde batetik, taldean adostutakoari forma ematea, eta bestetik, eskolako organo desberdinetara (gelako tutoreei, Atxolin Guraso Elkartera, Zuzendaritzara eta Organo Gorenera, besteak beste) helarazi ahal izatea dira.

Ikasturtez ikasturte, gurasook konpromiso honi jarraipena emango diogu eta gure arteko elkarrizketa eta adostasuna bermatuko dugu une oro.