Ezoziko Ama Abesbatzako presidente Mikel Hernandezek esandakoaren arabera, atzo, aktuaziora irten zirenean “tope kontzentratu” ziren irailetik hona prestatzen ibili diren “bi kanten bertsiorik onena eskaintzeko”, Non degu non (Junkal Guerrero) eta Dugun alegrantzietan (David Azurza).
Hark gaineratutakoaren arabera, epaileek “bai baloratu zuten” Soraluzeko abesbatzak interpretatutako abestien zailtasuna. “Batez ere Dugun alegrantzietan. Eta hori izan da sariaren arrazoia”.
Ezoziko Ama Abesbatzak 1.100 euro eskuratu ditu sari modura. Horrekin pozik egoteaz aparte, izandako esperientzia ere oso modu positiboan baloratu du koruko presidenteak. 60 lagun joan ziren Soraluzetik Errenteriara eta han, lehian izan ziren abesbatzen artean ere oso harreman polita sortu zela kontatu du, “elkarri animatzen” ibili ziren.
Gabon Kanten Sariketan Lasarteko Alboka abesbatza izan zen txapeldun, “merezita”.