90. hamarkadan hasi zen Atxolinen jaiotza jartzeko ohitura. Urkiazelaiko elkarteetako bazkide eta lagun biren arteko ekimena izan zen. Txabola "berriko" bazkide Luis Artolazabalen eta Urkiazelaiko betiko txabolako Alberto Garitanoren artean proiektatu zuten tontorrean zerbait ipintzearena, eta «mendira doan jendearengan Gabon sentimendua piztea» zuten helburu.
Normalean abendu hasieran jartzen da —gehienetan, Konstituzio eta Inmakuladako zubian— eta urtarrilean kendu, Errege ostean.
Prototipo ugari
Hasiera batean, beste proiektu batzuk izan zituzten eskuartean —zuhaitz bat tarteko—, baina aurrera irten zena gaur egun ezagutzen dugun "etxea" edo "etxola" da.
Zuhaitzaren prototipoa.
Metalezkoa egitea erabaki zuten, mendi gaineko neguko tenperatura baxuak aguantatzeko eta barruko figurak babesteko. Garitanok berak, Kalman-en lan egiten zuela, lantegian bertan diseinatu eta fabrikatu zuen etxola. Motxila eta guzti, 25kg inguru pisatzen ditu, eta figurek eta eramaten diren beste motxilek 12kg.
Lekuko aldaketa
2017an, gaur egun jaiotza ipintzen dutenek hartu zuten erreleboa. Aurten igo ziren Niko eta Miren Mendia; Elene Alberdi; Joanes eta Aitor Ugalde; Oiher, Koldo eta Joanes Arantzeta; Aitor Elizburu; Aitor Gonzalez; Iñaki Larrañaga; eta Ander Garitano. Baina bada aurreko urteetan parte hartu duen herritar gehiago ere, tartean: Ramon Agirre, Jon Ugalde, Fernan Oregi, Andoni Calles eta Igor Cerrejon, bakarrik ala seme-alabekin igotakoak.
Aurtengoan, gainera, jaiotza ipintzen ari zirela, Elgoibarko bi lagun bertaratu ziren eta datorren urterako hitzordua jaso zuten.
Merezitako mokadua
Oraingoan izandako goiz eguzkitsuak arindu zuen etxola muntatzeko lana; baina euri zaparradak, haizeteak, elurteak... izan dira aurrekoetan (argazki-galerian ikusgai), eta eguraldia ez da sekula konpromisoa lagatzeko edo atzeratzeko aitzakia izan.
Behin jaiotza ipinita, Urkiazelaira jaisten dira guztiak hamarretakoa egitera elkartean, lagun artean.