Ezoziko Ama Abesbatza Gipuzkoako Gabon Kanten Sariketara

Ubane Madera Zangitu 2023ko abe. 26a, 09:23

Ezoziko Ama Abesbatza antzokian, Gabonetako kontzertuan. Argazkia: Jon Agirre.

Abenduaren 30ean, zapatua, zazpi abesbatza lehiatuko dira Errenteriako Gabon Kanten Sariketan, tartean, Ezoziko Ama Abesbatza. Soraluzeko taldearendako lehiaketa batean parte hartzen duen lehen aldia izango da eta "ilusioarekin" joango da Errenteriara. 

Soraluzeko abesbatzak bi kanta interpretatuko ditu, Juncal Guerreroren Non degu non eta David Azurzaren Dugun Alegrantzietan. Bi kantuak Soraluzen egin berri duten Gabonetako kontzertuan taularatu zituen abesbatzak, bigarrena, gainera, primizian, Soraluzen estreinatu baitzuten Azurzaren obra. "Non degu non kontrolatuta ikusi genuen, eta, Dugun alegrantzietan kantan hobetzekoak geneuzkan abestiak daukan zailtasunarengatik. Baina joan den astelehenean, David Azurza konposatzailea bera etorri zen Soraluzera abestia entzutera eta "master class" bat eman zigun, abestia azaldu eta detaileak finduz", jakinarazi du Mikel Hernandez abesbatzako presidenteak. 

Kanta berezia

Soraluzeko abesbatzak lortu nahiko luketenari buruz galdetuta, berriz, Hernandezek esan du ez dakitela "zein aukera" izango duten, lehiaketa batean izango duten lehen esperientzia izango baita abesbatzarendako. "Baina egia da Dugun Alegrantzietan berezia dela, ondo eginez gero puntuazio ona lor genezake. Abesti moldaketa berria da; originala Iparraldekoa eta oso antzinakoa da. Gure asmoa esperientzia berria bizitzea da, eta, egindakoarekin gustura geratzea. Hori ba, ahal den ondoen egitera joango gara eta sariren bat jausten bada ba hobe!"

Zapatuan, 18:30ean hasiko da lehiaketa; zozketa bidez erabakiko da lehiakideen ordena.

Oharra: norbaitek izango balu kontzertua ikustera joateko nahia, abesbatzako kideren batekin harremanetan jarri eta galdetu, baliteke-eta autobusean lekuren bat izatea libre.