Aldaketak eta hobekuntzak Plaza Berriko etxolan

Ander Gomez 2023ko abe. 23a, 08:00

Plaza Berrian da Olentzero eta Mari Domingiren etxola, eta zenbait aldaketa izan ditu aurten: plaza erdigunetik mugitu dute, txabola guztiz ixteko tapak jarri dira eta —urtero bezala— gai berri batean oinarrituta apaindu dute gunea. Xehetasun guztiak barruan.

Kukumixok, Udalak, Pil-pileanek eta hainbat herritarrek txabola muntatu eta apaindu dute Olentzerori eta Mari Domingiri ongi etorria emateko.

Aurtengo gaia

Urtero gai desberdin bat du etxolak, eta horren arabera apaintzen dira inguruak zein barnekaldea. Iazko gaia 'Lanbideak' izan zen; aurtengoa, 'Natura jolasgune' eta etxolaren bueltan aurkitu daitezke txirrista, kulunka, harearekin jostatzeko gunea, altuera desberdinetako enborrak, tipi denda, zaldia... egurrez sortuak guztiak.

Kokapena

Atzerago —iturritik gertuago— muntatu dute etxola udal-brigadakoek aurten. Plaza Berrian egoteko leku gehiago uztea eta Iratxo goxo-dendarako irisgarritasuna bermatzea izan dira arrazoi nagusiak.

Segurtasun neurriak

Azken urteotan etxolaren kontra egin diren bandalismo ekintzak ekiditeko, egurrezko tapak jarri zaizkie etxolako leihoei. Erasook batez ere gauez gertatu ohi direnez, etxola iluntzean ixteko eta goizetan zabaltzeko erabakia hartu da.