Burdindegiko Asier Ezenarro ugazabak emandako xehetasunen arabera, 17:30-18:00ak aldera, bikote bat sartu zen burdindegira eta dendako biltegian gordeta zuten produktu bat eskatu zion. Barrura sartu eta berriro kanpora irten zenean, jabetu zen diru-kutxako tiradera zabalik zegoela eta bertan zegoen dirua -100 euro inguru- ez zegoela. Mostradoreko tiradera ere zabalik zegoen eta hango karterako kanbioak ere falta ziren.
Ezenarrok kontatutakoaren arabera, bikotearen atzetik irten zen eta Txoko inguruan zeudela harrapatu zituen, baina haiek ukatu egin zuten eurek zerbait lapurtu izana. Udaltzaingoari abisatu zioten eta Ertzaintza ere bertaratu zen. Edozelan ere, Ertzaintzak esan du oraindik ez dutela salaketarik jarri.
Dendetara sartzea debekatuta
Ildo horretan, Plaentxia.eus atariari jakinarazi diote inguruko saltokietan ere ustez eginda duela lapurreta bikote horrek, ezagunak direla eta besteak beste, Criadon, okindegian eta Kooperatiban debekatuta dutela sartzea.
Halaber, Mapfreko Ainhoa Ibarzabal ugazabak esan duenez, gaur goizean jabetu da bere saltokiko sarraila indarrez zabaltzen ahalegindu dela norbait bart gauean.
Ertzaintzari gaiari buruz galdetuta, hau da, ustez behin eta berriro lapurretan egiten duen norbaiten kasuan zer gertatzen den galdetuta, poliziak jakinarazi du halako kasu askotan, jendeak ez duela salaketarik jartzen; horren ondorioz, pertsona horrek/horiek ez dute aurrekaririk izaten edo pilatzen eta beraz, ezin da gauza handiegirik egin haien kontra. Gaineratutakoaren arabera, askok ez dute salaketarik jartzen “beldurrarengatik” edo arazorik ez izatearren.