Abenduaren 24an, domeka, herrira jaitsiko dira Mari Domingi eta Olentzero.
Ongi etorria eta kalejira
Goizeko 11etan helduko dira Plaza Berrira eta, bertan, Triki eta Traka galtzagorriek eta Graxiana Atxolingo sorginak ongi etorria emango diete.
Ondoren, kalejira hasiko dute gurdi gainean, idi eta guzti. Plaza Zaharrerantz joko dute, eta Musika Eskolako trikitilari eta pandero-joleek alaituko dute ibilbidea. Ezozibideko biribilgunera heltzean, buelta hartu eta kiroldegira joango dira.
Olentzero eta Mari Domingiren oharrak:
- Kalejiran, gurdiaren atzetik joan beti.
- Txikienak aurrean, karrodunak atzean.
- Baserritar jantziekin etortzera animatu!
Gutun bilketa
Arane frontoian egingo dute gutun bilketa, eta haurrek argazkia atera ahalko dute Olentzero eta Mari Domingirekin. Kukumixoren eskutik, txorizoa eta edaria banatuko da, eta umeentzako jolasak antolatuko dira: batzuk ilaran dauden bitartean, besteak jolasean egongo dira, eta haurrak txandaka deituko dituzte (adinka) megafoniatik.