Legazpira joan da Kontrargiren XXXIV. Argazki Rallyaren sari nagusia

Ubane Madera Zangitu 2023ko abe. 18a, 09:40

Saridunak Kontrargiren egoitzan, zapatuan. Argazkia: Mikel Valero.

Zapatuan egin zuten sari Kontrargiren XXXIV. Argazki Rallyaren sari banaketa eta aurten, gipuzkoarrak izan dira nagusi. Lehen saria, adibidez, Legazpira joan da, Jose Venegas Floresen eskutik. Herriko saria, berriz, Mikel Cruzek eskuratu du. Julen Mendikute artisau soraluzetarrak egindako garaikurra eta Gabonetako otarra jaso zuten opari. Aurten, inoiz baino lehiakide gehiago izan dira Kontrargiren Rallyan: 42. 

Zapatuan, Kontrargiren XXXIV. Argazki Rallyaren sari banaketa egin zuten. Ekitaldian ohi denez, lehenengo, saridunen argazki-sortekin egindako ikus-entzunezkoa ikusi zuten, Unai Larreategi alkatea ere bertan zelan. Honako gaien araberakoak izan dira aurtengo argazkiak: Gabolatseko zubia, Latza, Iraganeko oihuak, Terrazatik eta Konfidantza. Gaietako batek, Gabolatseko zubiak, oroitzapenerako argazkiak laga zituen, kontuan hartuta, laster zubi zaharra bota egingo dutela. 

Saridunak

Ikus-entzunezkoaren ondoren, sariak banatu zituzten. Honakoak izan dira aurtengo saridunak:

  • Lehen saria: Jose Venegas Flores (Legazpi)
  • Bigarren saria: Javier Lopez Fabian (Durango)
  • Hirugarren saria: Jose Angel Amutxastegi Esnaola (Donostia)
  • Argazki onenaren saria: Ruben Caceres Delgado (Hernani)
  • Herriko saria: Mikel Cruz

Guztiek eskuratu zuten Julen Mendikute artisau soraluzetarrak egurrez landutako garaikur bana, baita Gabonetako otarra eta dirua ere, lehenak 120 euro, 90 euro bigarrenak eta 70na euro gainerakoek. Segidan, hamaiketako goxoa egin zuten elkarrekin.