Armaginen familiakoa zara.
Bai. Aitititak, Eusebio Arizagak, eskopeten tailerra sortu zuen 1908an, Erregetxean, eta 1916an, Astiazarani etxea erosi zion Kalebarrenen eta hara pasatu zuen. Nik topatu ditut gure familian zazpi belaunaldi armaginak izandakoak, fabrika zaharrean ibilitakoak. Armak odolean eroan ditut beti. Nik nahi duen etxeko tailerrean egitea lana, zergaitik eze, armak gustatu egin zaizkit niri baina aitak esan zuen armen asuntoa behera zijoala eta hobe nuela beste zeozer egitea.
Noiz hasi zinen armagintzaren historia aztertzen?
Gustatu umetatik. Beti izan dut armaginekin harremana eta jubilatu nintzenean, egin nuen lan bat munduko armen garapena aztertuz Evolucion de las Armas de Fuego Portatiles (2021). Bertan aztertzen dut suzko armen bilakaera Txinan sortu zirenetik gaur egunera arte. Horregatik galdetu zidan Astiazaranek ea zergatik ez nuen egiten Euskal Herriko armagintzaren historia eta egin nuen Breves notas sobre la armería vascalana eta gero esan zidan 450 urte betetzen zirela Plazentzian arma fabrika sortu zutela eta ea liburuxka bat osatuko nuen eta gehiago eta gehiago eskatu zidan eta azkenean 245 orrialdeko liburua osatu dut Juan Carlos Astiazaranen laguntzarekin. Azala eta azalostekoa, berriz, Oscar Perezek egin ditu.
Zer jaso duzu liburuan?
Zela hasi zen armagintza bailara honetan edo Euskal Herrian. Zegaitik eze, suzko armak behintzat hemen hasi ziren. Ezpatak, pikak eta bestelako armak ere hemen egin ziren Arrasatetik hasi eta Elgoibarreraino. Gero etorri ziren Reales Frabricas esaten zaienak eta hori egin zuten Borboiek, Frantziatik zetorren modari jarraituta baina Plazentziako arma zurien eta suzko armen fabrika ez zuen erregeak egin, plazentziatarrek egin zuten, 1573an. Urte horretan fabrikante guztiak elkartu egin ziren eta sortu zuten, gaur esaten zaiona, holding bat, asoziazio bat, ez zen kooperatiba bat baina bueno... Baliatzen zuten elkarrekin saltzeko, prezioak adosteko eta lana ere banatu egiten zuten proportzioan. Urte horretan bertan, Felipe bigarrenak (Espainiako erregeak) eman zion Real Fabrica titulua, erregearen hornitzailea zelako.
Aurretik zer zegoen?
Nik topatu dudan Plazentziako lehenengo armagina da 1512koa, Ibañez de Loiola. Lehenago ere baziren, zergaitik eze, Errege Katolikoek hemen armak erosten zituzten, Picas de Vizcaya, orain Gipuzkoa den zati hau Bizkaiko probintzia zenean.
Eta ostean?
Reales Fabricas jausi zenean, 1860ko hamarkadan, sortu ziren tailer txikiak, eskopetagileak eta. Garai hartan legea ipini zuten Espainian edozeinek fabrikatu zitzakeela armak eta orduan ez zegoen obligaziorik armak erregearen fabrikatik pasatzeko. Garai horretan sortu zen Euscalduna fabrika ere, Soraluzeko fabrikarik inportanteena, Espainiatik etorritako diruarekin. Handik bi hamarkadatara ingelesek erosi zuten eta sortu zuten The Placencia de las Armas Company Limited, Espainiako barkoak kainoiekin hornitzeko. Gerora, 1935 urte aldera, inbertsore espainiarrek erosi zuten berriz eta eratu zuten SAPA, Sociedad Anonima Placencia de las Armas, tartean ziren Calonge ministroa eta markes batzuek. Soraluzen 2005ean itxi zen.
Noiz desagertu ziren azken eskopetagileak?
Azkenengo tailerra izan zen Felix Sarasketa edo Indesal, Sagar Errekan. 1985ean itxi zuten baina oraindik ere eraikina han dago.
Herrian egindako armak non daude?
Eibarko arma museoan badira baina gehienak Ramiro Larrañagak esan zuen moduan, Madrilgo eta Toledoko arma museotan daude, batez ere Euscaldunakoak.
Garai bateko mapamundietan Plazentzia agertzeak herriko armagintzak Europan izan zuen pisua erakusten dute.
Bai. Lamotek dio Europako mapa guztietan agertzen zela. Nik topatu dut Munichen, Museo Nazionalean, Vincenzo Coronellik (Venecia, 1956) egindako mapamundi batean. Bertan Plazencia letra handiz agertzen da.
Gaur egun apenas gelditzen den armagintzaren arrastorik Soraluzen. Zure ustez zer egin beharko litzateke memoria hori gordetzeko?
Ni Durangon bizi naiz eta han ondo egin duten gauza bat da antxinako baserrietan, ermitetan, presetan, metro pasatxoko kartela ipintzea argazkiekin eta historiarekin. Hori nik faltan ikusten dut. Adibidez, Soraluce kooperatiba Kalebarrenen jaio zela, Sacia, Amuchastegui… Tailer inportanteei plaka bat ipintzeko ez da diru asko behar. Plazentziak zortzirehun eta milatik gora langileko fabrikak izan zituen. Herriaren nortasuna hor dago eta horrek ez badira kontatzen...
Etikaren ikuspegitik begiratuta, zer iruditzen zaizu armagintzaren historia?
Arma mota bi daude, bata ehizerako eta bestea gerrarako. Erromatar batek esan zuen orain dela bi mila urte, Si vis pacem para bellun, ‘Bakea nahi baduzu, prestatu gerra’. Gaur egun ere, palestinarrek armarik ez balukete izango israeldarrek aspaldi desagerraraziko zituzketen mapatik. Berdin Ukrania. Armak derrigorrezkoak dira. Zela erabiltzen diren? Hori diskutitu liteke. Baina armak derrigorrezkoak dira. Arma barik ezin liteke nazio bat egon. Hori bai, gauza guztiek bere neurria behar dute eta neurri horiek errespetatu egin behar dira.