Soraluzeko Kontzertu Antolatzaileek urte osoa daramate rock, punk, oi!, hardcore... estiloetako kontzertu gauak eskaintzen Gaztetxean. Hilean behin antolatu dituzte eta, urte amaiera gertu, zapatu honetan izango da azken ekitaldia: Las Sexpeares eta Chulería, joder! taldeen Punk Gaua.
Antolatzaileek bertaratzera animatu nahi dute jendea, «sona handikoak diren sekulako talde horiek» herrira ekartzea lortuta, «amaiera borobila» eman nahi diotelako urte osoan egindako lanari.
Las Sexpeares
«Batzuetan indie, bestetan punk»
Talde barakaldarrak 60.000 ikustaldi baino gehiago ditu azken hiru hilabetetan YouTuben argitaratutako bideoklip bietan. Power duoak kaleratutako azken lanaren parte dira, "Sexpeares" izenekoa —bitxia, taldeen lehen diskoak izan ohi direlako homonimo, eta bosgarrena da oraingoa—. Gainera, sareko plataforma guztietan entzungai badago ere, fisikoki kasete formatuan bakarrik kaleratzeko hautua egin dute.
Pasa den hilabetean Bartzelonako Razzmatazz aretoan aritu ostean, Soraluzeko Gaztetxean izango dira zapatuan.
Chulería, joder!
Ezkerraldeko "punk-punk-punk-a"
Arrasateko eta Bilbo aldeko kideek osatzen dute Chulería, joder!, baina Bilbo Handiko Ezkerraldean kokatzen dute taldearen berezko sorlekua. Desorden taldean abeslari izandako Iratxe Desorden dute taldeburu eta, zuzenekoetan duten jarrera lotsagabe eta probokatzailearekin, "bizirik" mantentzen dihardute Ezkerraldeko punk mitikoa.
Kontzertuak 21:00etan hasiko dira, baina barra zabalik egongo da 18:00etatik aurrera. Sarrerak 5 euroan eskuratu ahalko dira Gaztetxean, egunean bertan.