Iazko abenduan izan zen erakusketaren bidetik dator atzo zabaldu zuten Klitxe Egunak erakusketa. 1967/68tik 1984ra bitartean Eli Lakuestak ateratako argazkiak dira. Guztira, 124. Gehienak banakakoak dira, karneterako ateratzen zirenak Lakuestaren etxean bertan, baina badaude taldekoak zein bestelakoren bat ere.
Iazko erakusketan moduan, aurtengoan ere, argazkietan azaltzen diren herrikideak identifikatzeko zerrenda osatuko da erakusketan bertan. Atzo bertan mordoxka baten izenak batu zituzten. Halaber, argazkien kopiak erosteko aukera ere izango da, 20 euroan argazki txikiak eta 40 euroan handiak.
Horrez aparte, Kontrargik, erakusketaren antolatzaileak Harpasoak izeneko liburua jarri du salgai erakusketak irauten duen bitartean. Ez da liburu argitaratu-berria, baina Gabonak bertan direnez, oparitzeko aproposa izan daitekeelakoan jarri dute atzera ere salgai, 5 euroan.
Argazki erakusketa abenduaren 30era arte izango da ikusgai astelehenetik barikura 19:00etatik 20:30ak arte eta zapatuetan 12:00etatik 13:30ak arte.