Ezoziko Ama Abesbatzaren Gabonetako kontzertua barikuan, Musika Eskolaren kolaborazioarekin

Ubane Madera Zangitu 2023ko abe. 12a, 09:44

Abesbatzako kideak.

Bariku honetan, Ezoziko Ama Abesbatzak Gabonetako kontzertua eskainiko du, Herri Antzokian. 20:00etan hasi eta 13 kantu interpretatuko dituzte, afrikarrak zein Gabonetakoak. Bi kantu Musika Eskolako abesbatzarekin batera kantatuko dituzte eta beste bi kantu Gipuzkoako Gabon Abesti Sariketan kantatuko ditu Soraluzeko abesbatzak abenduaren 30ean, baina lehenago herrikideen aurrean interpretatuko dituzte; bietako bat, gainera, estreinakoz taularatuko da: Dugun Alegrantzietan.

Barikuan, 20:00etan hasiko da Ezoziko Ama Abesbatzaren Gabonetako kontzertua, Herri Antzokian.

Lehen bi kantuak, Gabonetakoak, Musika Eskolako abesbatzarekin batera abestuko dituzte; segidan, bederatzi kanta abestuko ditu Ezoziko Ama Abesbatzak, afrikarrak zein Gabonetakoak.

Lehen aldiz taularatuko den kanta bat

Mikel Hernandezek, Ezoziko Ama Abesbatzako presidenteak esandakoaren arabera, kantu horietako bi, Junkal Guerreroren Non degu non, eta Dugun Alegrantzietan Gipuzkoako Gabon Abesti Sariketan abestuko dituzte datorren abenduaren 30ean, Errenterian. Baina, lehenago, herrikideen aurrean interpretatuko dituzte, Soraluzen.

Are gehiago, Dugun Alegrantzietan kanta, Hernandezek azpimarratu duen moduan, "abesti berri bat da eta estreinatzeko ohorea izango dugu. Lehenengoz, antzokian soraluzetarrek entzungo duten obra bat izango da eta bigarrenez, Euskal Herri mailan Errenteriako lehiaketan izango da". Kanta hori David Azurza tolosarrarena da.

Barikuko kontzertua bukatzeko, Herri Antzokira bertaratzen diren guztiekin batera, Gabonetako bi kanta herrikoi kantatuko dituzte bi abesbatzek.

Hona hemen kontzertuko egitaraua.

Kontzertua doan da baina sarreran, kontzertuaren amaieran zozketatuko dituzten bi otarrendako errifak salduko dituzte.