DURANGOKO AZOKA

"Ahotsenean daukagun zarata guztia aterako dugu"

Ubane Madera Zangitu 2023ko abe. 7a, 11:01

Ahotseneako oholtzan izango diren 49 taldeen artean, bat, Muzak, Debabarrenekoa da. Abenduaren 10ean, 15:40an egingo dute zuzenekoa. Taldeko Joanes Iñurrieta (Soraluze, 1991), Ruben Irigoyen (Elgoibar, 1991) eta Aitor Sagarmendi (Mutriku,1994) "pozik" daude aurten Durangoko Azokako Ahotsenean egon ahal izatea lortu dutelako. Joanes Iñurrieta taldeko bokalista soraluzetarrak azpimarratu du Durangon taldeak duen "zarata guztia" aterako dutela. 

Ahotsenean kontzertua eskaintzea beste jauzi bat izango da Muzak taldearendako?

Durangoko Azoka, Euskal Herri mailan, oso hedabide ona da, artista baldin bazara, batez ere. Urteko ekimenik potenteena da kulturalki musikaren eta liburuen arloan eta hor egotea oso garrantzitsua da. Iaz, saiatu ginen Programaturik lanarekin Ahotsenean sartzen, baina ez genuen lortu. Aurten pozik gaude lortu dugulako eta han egongo garelako. 

Zer eskainiko duzue Ahotesenean?

25-30 minutuko kontzertua izango da, lauzpabost abesti joko ditugu guztira. Ez da izango kontzertu akustikoa. Daukagun zarata guztia aterako dugu. 

Denetik joko duzue?

Aurten atera dugun Irabaziak eta Galerak (Gaztain Estudioak) EPan oinarritutako zuzenekoa izango da eta oporren aurretik publikatu genuen Gezur Mila singlea ere sartuko da. Irabaziak eta Galerak EPaari dagokionez, Programaturik (Gaztain Estudioak, 2021) laneko abesti guztiak ere baditu. 

Bigarren EPan zuen bi lanetako kantu guztiak batu dituzue?

Bai. Kontua da lehen diskoarekin, Programaturik-ekin ez genuela atera disko fisikoa eta gero damutu egin egin ginela. Hala, Irabaziak eta Galerak-ekin CDa atera genuen. CD horrek dauzka lau abesti berri gehi bonus modura, Programaturikeko zazpi abestiak gehigarri. 

Eta zuen CD hori erosteko aukerarik izango da Durangoko Azokan?

Bai. Irabaziak eta Galerak salgai egongo da azokako Musika Zuzeneak-en standean.

Zergatik damutu zineten diskoa atera ez izanaz?

Disko fisikoa gaur egun ez da asko saltzen, baina gertatu izan zaigu momentu puntualetan jendeak eskatu izana eta pena horrekin geratu ginen, fisikoa nahi duen horri diskoa ezin emanarekin, guretzat zerbait berezia ere bada guri disko fisikoa eskatzea. ETabernetan edota aretoetan lagatzeko ere aproposa da… Kasu gutxi izan arren, CD fisikoa ateratzeak merezi zuela erabaki genuen. Ehun ale atera genituen, hogeitik behera geratzen dira eta oraingoz ez dugu kopia gehiago ateratzeko asmorik. 

Gezur mila singlea uda aurretik dago entzungai, zelako harrera izaten ari da?

Harrera oso ona izan dugu. Hori ikusi dugu plataforma digitaletan, oso ondo kontabilizatzen dira entzunaldiak. Spotifyn, adibidez, erreprodukzio gehien izan dituen Muzak-en abesti arrakastatsuena da. Horrez aparte, kritika onak izan ditugu, batez ere gertuko jendearenak. Gure soinutik jarraitzen dugu. Taldearen nortasun porpioa erakusten du. 

Zein da zuen nortasun hori?

Hirurok oso gaztetatik izan dugu bereziki distortsionatutako gitarrekiko predilekzioa hori, talde esberdinak entzuten ditugun arren. Nik Pop-Rock-era egin izan dut beti gehiago eta Ruben eta Sagar-ek Metal-era (progresiboa, death, doom…). 

Gainera, proiektu oso ezberdinetan izandakoak gara Muzak sortu aurretik.Zergatik uste duzu azken single horrek izan duela arrakastarik handiena?

Musikari moduan pauso txikiak ematen goaz pixkanaka-pixkanaka eta geroago eta difusio handiagoa  lortzen ari gara. Horrez aparte, abesti ona da, denbora inbertitu dugu single horretan, lana daukat eta entzuteko gustosua da. Bestalde, saiatzen gara konstantzia mantentzen, abestiak publikatzerakoan, sare sozialetan idazterakoan… Hor egon behar duzu, bestela…

Sare sozialak zaintzen ibiltzen zarete, justu zuek 'Gezur Mila' kantuan kritikatzen dituzuen sare sozial horiek…

Bai, abestiak kritika hori egiten du. Kontziente gara sare sozialek pertsonengan duten eraginean, baina horren konplize ere bagara. Paradoja moduko bat da.

Urrian eskaini duzue aurtengo biraren azken kontzertua; non egon zarete gusturen?

Su ta Garrekin Elgoibarren, edo gustuko ditugun bestelako taldeekin. Adibidez, Bergarako Kartzela Zaharrean Sofa eta Dena taldeekin jo genuen.   

Abenduan Ahotsenean jo ondoren, baduzue bestelako asmorik taldearendako?

Joten jarraitzea. Gu gara talde bat Zuzenean jotzea. Normalean ez diegu ezezkorik ematen joteko aukerei eta beti gaude zabalik proposamenetarako. Bestalde, sortzen ere hasi gara dagoeneko. Ez dugu erabaki zer izango den, diskoa ala singlea, baina sortzen ari gara eta hori garrantzitsua da. Sortutako lanaren helburua gure buruak asebetetzea izaten da, eta ez da erraza izaten oso zorrotzak garelako hortan