Goizean goizetik, greba batzordeak deituta dozenaka herritar ibili dira kalez-kale kazuelak hartuta, kalejira zaratatsuan, zabalik zeuden establezimenduei grebara batzeko gonbitea eginez. Hala, herriko komertzio eta taberna ia guztiek eta zerbitzu publiko askok itxi dituzte ateak eta lanean jarraitu duten establezimenduetako hainbat langilek ere euren atxikimendua adierazi diete mugimendu feministako kideei.
Eguerdian, berriz, adin guztietako berrehunen bat herritarrek -gehienak emakumeak- manifestazioa egin dute herriko kaleetan zehar, “Zaintza eskubide kolektiboaren alde” lemapean. Ondoren, Plaza Zaharreko karpan batu dira elkarrekin ekitaldia egiteko. Ekitaldian, hamabi emakumek hartu dute hitza -adin desberdinetakoak- eta gogorazi dute “zaintza bizimodu duina eraikitzeko oinarria” dela; salatuz “Euskal Herrian, gaur egun, zaintzarako zerbitzuak gero eta pribatizatuago” daudela. Konponbide moduan, eskatu dute “zaintza sistema publikoa indartzea, pribatizatzeari lagatzea, zaintzako lanean diharduten pertsona atzerritarren egoera erregularizatzea eta sektoreko langileen baldintzak hobetzea”, besteak beste.
Ekitaldia bertsotan hasi du Arrate Gisasolak eta bertsotan amaitu dute Konplize ditut eta sorta elkarrekin kantatuz.
Amaieran, antolatzaileek herritarrak gonbidatu dituzte gaur iluntzeko 19:00etan Bergaran egingo den eskualdeko manifestazioan parte hartzera eta “Gora borroka feminista” ohiukatu dute. Publikoak “Gora” errepikatu du konplizitatez.