Atzo, azaroak 22, Santa Zezilia eguna izan zen eta, eguraldia gorabehera, antolatutako saio guztiak eskaini ahal zituzten herriko musika elkarte eta taldeek azkenean.
Musika eskolaren saioa
Aurtengoan, kalejira beharrean, emanalditxoa eskaini zuten Musika Eskolakoek Plaza Zaharreko karpan: Musika eta mugimendua ikasgaiko haurrek perkusioa jo zuten, Musika kantuzeko ikasleek ukelelea, eta nagusienak trikitiarekin, panderoarekin edota txarangan aritu ziren. Bukatzean, ondo merezitako txoripana jan zuten denak batera.
Ezoziko Ama abesbatza eta Plaentxia Kantuan
Adin guztietako herritarrak batu ziren Ezoziko Ama abesbatzakoekin eta Plaentxia Kantuan taldekoekin batera kantatzera, talde polita sortuz. Herri erdigunetik ibili ziren, esku-soinuaz lagunduta eta kantatzeko geldialditxoak eginaz.
Txistularien kalejira
Eguraldiak ateri eutsi zion eta, aterpez aterpe beharrean, kalez kale ibiltzeko aukera izan zuten herriko txistulariek. Aspaldikoak zein egungoak, hitzordu honetarako espresuki elkartzen da taldetxo hau, urtean behin, ohiko 'Santa Zezilia' doinua herriko txoko guztietan entzun dadin.