Ekitaldi sorta Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunaren harira

Ubane Madera Zangitu 2023ko aza. 22a, 19:07

20.000 Especies de Abejas filmako irudia.

Bihar, eguena, hasi eta martitzenera bitartean, ia egunero ekitaldiren bat izango da Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira antolatuta. Besteak beste, Azaroaren 25ean bertan, zapatua, indarkeria mota hori salatzeko agerraldia egingo da 12:30ean Plaza Berrian. Osterantzean, kontzertuak eta film emanaldiak izango dira, tartean, 20.000 Especies de Abejas film entzutetsuarena. Ekitaldiok Soraluzeko Udalak eta Errabal Kultur Elkarteak antolatu ditu.

Joan den barikuan hasi ziren Azaroaren 25aren bueltako ekitaldiak, Sex Sua musikalaren emanaldiarekin, eta, bihartik izango dute segida hitzorduek.

Bihar, eguena, Amy, la chica detrás del nombre film-dokumentala eskainiko dute, 19:00etan antzokian. Barikuan, berriz, gazteei zuzendutako Morgana taldearen Orakuloa izeneko antzezlana izango da antzokian 13:00etan.

Elkarretaratzea eta kontzertua

Zapatuari, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako egunari dagokionez, ekitaldi bikoitza izango da. 12:30ean, indarkeria mota hori salatzeko agerraldia egingo da Plaza Berrian eta 19:00etan, kontzertua, Gisele Jackson and The Shu-Shu organ hirukotearen eskutik. 

Domekan, Amy Winehouseri tributua eskainiko diote Amythology ikuskizunarekin, 19:00etan. Eta egitaraua borobiltzeko, martitzenean, 19:00etan, Estibaliz Urresolaren 20.000 Especies de Abejas filma eskainiko dute.