egitaraua

Musikak girotuko du Santa Zezilia eguna

Ander Gomez 2023ko aza. 22a, 11:00

Musika Eskolako ikasle eta irakasleak 2018ko kalejiran.

Santa Zezilia eguna dela eta, ekitaldi mordoxka daude antolatuta gaurko egunerako: Musika Eskolako ikasleek saio berezia egingo dute karpan, Ezoziko Ama abesbatzak eta Plaentxia Kantuan taldekoek emanaldi bateratua eskainiko dute, herriko txistulariak kalejiran aterako dira eta liburua aurkeztuko du Jon Gurrutxaga musikari elgoibartarrak, Blues Hotsak jaialdiko ekitaldien baitan.

Gaur, azaroaren 22a, Santa Zezilia eguna da eta Soraluzeko Musika Eskolak, Ezoziko Ama abesbatzak, Plaentxia kantuan taldekoek, Soraluzeko txistulariek eta Errabal Kultur Elkarteak ekitaldi desberdinak antolatu dituzte musikaren eguna behar bezala ospatzeko.

Musika Eskolaren saio berezia

Musika Eskolakoek ohiko kalejirarako prestatutako kantak Plaza Zaharreko karpan aurkeztuko dituzte eguraldiagatik. Txikienen ikuskizuna ere egingo dute bertan eta, ostean, txoripana jaten eta kantuan bukatuko dute denek.


Abesbatzak batera

Bat egingo dute kantuan Ezoziko Ama abesbatzak eta Plaentxia Kantuan taldekoek, eta eurekin batera abesteko gonbidapena luzatu nahi diote animatzen den edozein herritarri.


Liburu aurkezpena

Rory Gallagher gitarristaren inguruko liburuaren aurkezpena egingo du Jon Gurrutxagak. Sarrera doakoa da eta bertaratutakoek liburuaren ale bat jasoko dute debalde.


Txistularien kalejira

Santa Zezilia egunerako propio elkartuko dira herriko txistulariak, egungoak zein lehengoak, iluntzea girotzera. *Aterperik aterpe arituko dira seguraski, eguraldia dela eta.