Domekan, Soraluze argazkilarien topagune bilakatuko da, Kontrargiren argazki rallyaren bitartez

Ubane Madera Zangitu 2023ko aza. 16a, 09:10

Domekan, azaroaren 19an, Kontrargiren XXXIV. argazki rallya jokatuko da. Nahi duten argazki zale guztiek parte har dezakete bertan, 16 urtera bitarteko gazteek barne. Are gehiago, herriko onenarendako zein gazte onenarendako sari bana izango dira. Izen-ematea domekan bertan egin beharko da, 08:30etik 09:30era, Kontrargik Etxaburueta 3an duen lokalean. Soraluzeko rallyak Herriz Herri 2023ko argazki rallyen zirkuiturako puntuatuko du.

Domekan, izen-ematea itxi ondoren jakinaraziko dizkie lehiakideei zeintzuk izango diren argazkietarako gaiak, ohi denez, bost gai izango dira. Horiek oinarri, argazkilariek 13:00ak arteko denbora izango dute herrian zehar argazkiak ateratzeko. Hori bai, 11:30ean hamaiketakoa izango dute Txokon.
Nahi beste argazki atera ditzakete baina asko jota, 36 aurkeztu ahal izango dituzte lehiaketara. Ondoren, 13:00etatik 14:00ak bitartean deskargatuko dituzte ateratako argazkiak Kontrargiren ordenagailura. 

Argazkiak aukeratzeko, berriz, mezua bidali beharko da (kontrargi@hotmail.es), argazkiaren zenbakia eta gaia azalduz, azaroaren 26a baino lehen. Epaimahaiak abenduaren 2an, zapatua, 17:00etan jakinaraziko du emaitza, Kontrargiren egoitzan. Sari banaketaren berri, garaiz emango dute.

Bost sari

Bost sari emango dituzte: 120 eurorekin eta garaikurrarekin sarituko dute lehen multzorik onena; 90 eurorekin eta sariarekin bigarren onena; hirugarren multzorik onenak eskuratuko ditu 70 euro eta saria, beste 70 euro eta saria herriko onenak eta azkenik, 16 urtera arteko gazte saridunak 50 euroko bonua eskuratuko du.