Andoni Mutiloa: "'Sex Sua' musikalarekin ondo pasatuko dute eta gainera zer pentsatua emango die"

Ubane Madera Zangitu 2023ko aza. 14a, 14:01

Barikuan, Sex Sua musikala taularatuko du Andoni Mutiloa artistak (Hernani, 1976) Herri Antzokian 20:00etan, Elur Etxea antzerki konpainiaren eskutik. Sarrerak barikuan bertan eskuratu ahal izango dira, 5 euroan, antzokiko leihatilan. Kantuak, dantza eta antzerkia uztartzen ditu Mutiloak lan horretan. Protagonistak berak eman ditu xehetasun gehiago:

Zela deskribatuko zenuke Sex Sua musikala? Umoretsua, dramatikoa, sakona…

Abiapuntua ligatzeko aplikazioak dira, modu zehatzagoan esanda, ligatzeko aplikazioen erabileraren ondorioz, azkeneko urteetan sortzen ari diren komunikazio kode berriak. Aktualitate handiko gaia dela iruditzen zait, azken urteetan, batez ere, sare sozialak, ligatzeko aplikazioak… erabiltzen hasi gara eta ligatzeko ohiturak eraldatzen hasi dira. Gai sakona da, interes handikoa eta serioa ere bai, ze ligatzeko aplikazioen zurrunbiloan askotan erotu egiten gara. Gaia serioa da eta sakona aldi berean, eta, ikuskizun honen helburu nagusia da horri buruz gogoeta egitea baina gogoeta egiteko modu desberdinak daude eta kasu honetan umorearen bitartez egin nahi izan dugu. Sortu dugu istorio bat nahiko xelebrea izan daitekeena, batez ere hasieran. Ikusleak nahiko harrituta/deskolokatuta gelditu ohi dira hasieran, gero berehala ulertzen dute. Umoretik jo dugu ligatzeko aplikazioetan gertatzen diren gauza asko nahiko surrealista direlako, baina, aldi berean, batez ere azkeneko zatian hausnarketarako momentu serioak egongo dira.

Uler daiteke zure esperientzia pertsonaletik baduela zerbait ikuskizunak?

"Esperientzia pertsonalean oinarrituta dago baina baita ere beste pertsonengandik jasotako informazioan" 

Bai, urteak daramatzat aplikazio horiek erabiltzen eta askotan sufritu dut hor barruan aipatzen dizudan zurrunbilo horretan sortzen dena; baina nigandik harago, konturatu nintzen gauza orokorra ere bazela. Nire inguruan lagun eta ezagun batzuk ere erabiltzen dituzte aplikazio horiek, eta konturatu nintzen, askotan oso antzerako gauzak gertatu zitzaizkigula eta askotan oso antzerako erreakzioak izaten genituela. Ikasi egin behar izan dugu kode berri horiek nola funtzionatzen duten, horrek gugan zelako eragina duen, gure buruak zaintzen, batez ere arlo emozionalean, eta gure autoestimuan ere eragin zuzena izan dezaketelako geratzen diren gauza horiek. Esperientzia pertsonalean oinarrituta dago baina baita ere beste pertsonengandik jasotako informazioan. 

Zergatik aukeratu zenuen musikal formatua hau denau lantzeko?

Hasiera batean gehiago zuen monologo-antzeztu itxura; baina nik musika eta musikalak (dantza, abestiak…) oso gustuko ditut. Ez da kasualitatea nire aurreko ikuskizuna, Esnatu naiz, kabareta izatea. Kasu honetan, hasi ginenean forma ematen ikuskizunari, gidoia idazten-eta, konturatu nintzen ordurako sortuta nituen abesti eta melodia batzuek gai horri buruz hitz egiten zutela, bat zetozela, eta konturatu nintzen musikak eta dantzak bere lekua aurkitu zutela ikuskizun honetan, eta hasieran monologo-antzeztua izan behar zuena musikal izaten bukatu zuen eta musikal honetarako, espresuki, beste abesti batzuk ere sortu genituen.

Zuk egin dituzu kantuak, musikaleko protagonista zeu zara, gidoilaria ere bai, baina pluralean berba egiten duzu…

Bai, ikuskizunaren sortzaile eta motorra ni naiz baina beti babesa bilatu izan dut arlo desberdinak osatzeko. Batetik, zuzendaritza eta kanpo begirada, adibidez, ezinbesteko izan dira, eta kasu honetan, batetik, nire antzerkiko irakasle izan den Amankay Gaztañagak (Zestoako antzerki eskolako irakaslea, aktorea, sortzailea, zuzendaria…) sekulako lana egin du eta bere lana ezinbestekoa izan da ikuskizun honek forma hartu dezan. Bestetik, abestiei dagokienez, banituen batzuk eginda, baina abesti horiek grabatu egin ditugu, forma eman diegu, argi neukan zelako musika estilora gerturatzea nahi nuen, 80ko hamarkadan modan jarri zen Synth-pop estiloko doinuak izatea nahi nuela baina hori guztia sortu, estudioan grabatu eta egiteko Eñaut Gaztañagaren laguntza izan dut. Gaztain estudioak ditu Zestoan eta Amankayren anaia da. Bien ekarpena ezinbestekoa izan da.

Zelan gonbidatuko ditugu Soraluzeko balizko ikusleak zure musikala ikustera?

"Soraluzeko ikusleei esango nieke zer pentsatua emango dien eta umorea lantzen duen ikuskizun bat ikusi nahi izanez gero, aukera aparta dutela"

Ni gogotsu nago. Abiapuntua ligatzeko aplikazioak izan arren, horri baino askoz gauza gehiagori buruz berba egingo dugu: sare sozialen erabilera, gizarteko kanon estetikoak, auto-irudia… Azkenean, zeharka edo zuzenean, gai horiek denoi eragiten digute, guri edo gertuko jendeari. Beraz, esango nieke zer pentsatua emango dien eta umorea lantzen duen ikuskizun bat ikusi nahi izanez gero, aukera aparta dutela. Ondo pasatuko dutela eta gainera zer pentsatua emango diela. Bestalde, informazio gehiago nahi izanez gero, Elur Etxea Facebook-en edo Instagramen bilatuta asko topatuko duzue.