Lehenengo babajana 2001ean egin zen, Pil-pileanek antolatuta. Azoka egunean "babak jateko ohitura zabaltzen hasi zela ikusita" erabaki zuten herri-babajana antolatzea “jaia indartzeko”. Lehenengo aldi hura, baina, berezi samarra izan zen Egoitz Unamuno Pil-pileaneko kideak kontatu duenez: “Babak azoka gunean bertan prestatu genituen eta jan ere bertan, postuetako mahaiak aprobetxatuta. Egun hartan hotz handia egin zuen eta gauzak ez ziren atera irudikatzen genuen bezala. Babak hotzak, tresneria falta… Total, kafea atera zenerako ausartenek bakarrik jarraitzen zuten han…”. 2002an ez zen bazkaririk egin eta 2003tik 2006ra bitartean, lehiaketa formatuan prestatu zituzten bazkaritarako babak. 2007an dena aldatu zen, karpa eta sukaldariak ailegatu zirenean.
Esfortzua eta ACDC
“Itziar Agirrek komentatu zigun ea animatuko ginen babak prestatzera eta baietz esan genion”, kontatu du Anto Estevezek, taldeko kideak. “Esfortzua da, baina ondo pasatzen dugu, batez ere, hamaiketakoan, barre onak egiten ditugu…”, dio. Anekdotez galdetuta, janik gabe gelditu zirenekoa nabarmendu du: “Urte baten, edo gehiagotan (barreak), sukaldariak babarik eta sakramenturik barik gelditu izan gara eta mahaian sobratutakoak jan behar izan ditugu... Baina tira, jatera jartzen garenerako ez dugu gose handirik izaten (barreak)”.
Sukaldari lanetan noiz arte jarraituko duten?: “Gorputzak aguantatzen duen arte, edo jendea gurekin nekatzen den arte (barreak). Lan handia da baina jendeak eskertzen digu eta guk gustura egiten dugu. Gainera, fondoan ACDCren musika ipinita dena egiten da erraz (barreak)”.
Harrera ezinhobea
Gaur egun, babajanak harrera ezinhobea du herritarren artean. Aurten, Pil-pileanek babajanerako eskaini dituen txartel guztiak (145) egun bakarrean saldu dira. Aurten ere, babak Arabatik ekarriko dituzte, Elortza motakoak, Herediako ekoizle ekologiko bati erosita. Ogia Arizaga baserritik, gazta Egotzatik, haragia herriko harategietatik eta sagardoa Elgoibarko Lizagasar baserritik (ekologikoa). Bazkariaren ostean, Unai Brea kantariarekin kantu saioa egingo dute.