Urbasako eraso matxista salatzeko kontzentrazioa

Soraluzeko Udala 2023ko aza. 10a, 10:19

Soraluzeko Udalak Urbasan aitak semea erail izana gaitzetsi du eta bortxa bikarioa genero indarkeria mota bat eta giza eskubideen urraketa larri eta onartezina dela ohartazi.

Soraluzeko Udalean ordezkaritza duten alderdiek gogor salatu eta gaitzetsi dute Urbasan Lizarrakoa zen haur bat bere aitak erail izana eta gogora ekarri dute bortxa bikarioa genero indarkeria mota bat eta giza eskubideen urraketa larri eta onartezina dela.

Udalak kontzentrazioa deitu du gaurko, arratsaldeko 7etarako, Plaza Berrian.

Ondorengoa da udalak adostu duen testua:

URBASAKO HILKETA MATXISTAREN GAITZESPENA

Soraluzeko Udalak gogor salatzen eta gaitzesten du Urbasan Lizarrakoa zen haur bat bere aitak erail izana. Era berean, gogorarazten du bortxa bikarioa genero indarkeria mota bat dela eta, beraz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.

Gizonezko batek bere semea hil du asteburuan Urbasan. Honekin, hamabi izango lirateke 2003tik Euskal Herrian bortxa matxistaren ondorioz hil diren haurrak. Horrela, Soraluzeko Udalak bere gaitzespenik gogorrena erakusten du Lizarrako haurraren hilketaren aurrean.

Soraluzeko Udalak gogorarazi nahi du Urbasan gertatutakoaren moduko hilketa bikarioek helburutzat dutela haurrengan eraginez, emakumeari ahalik eta sufrimendu handiena sortzea. Hortaz, emakumeen aurkako indarkeria gisa ulertu behar dira. Hala ere, bortxa horrek arazoaren zati bat baino ez du erakusten, bere jatorria emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean baitago.

Emakumeek modu ezberdinetan jasaten duten indarkeria (psikologikoan, bikarioan, ekonomikoan, fisikoan, sexualean), emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunen adierazpenik larriena da, emakumeen botere-harremanen eta mendetasunaren ondorio, eta haien duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurkako eraso larria da. Horrenbestez, giza eskubideen urraketa larria eta onartezina.

Tragedia honek berriz ere erakundeek eta euskal gizarte osoak gure udalerrietan berdintasuna gauzatzeko dugun erantzukizunaren aurrean jartzen gaitu. Ildo horretan, etorkizuna diren gure herritar gazteenekin gure sentsibilizazio- eta prebentzio-ekintzak indartzen jarraitu behar dugu.

Baina hau ez da emakumeen arazoa bakarrik, gizarte osoarena baizik. Denok nahi dugun berdintasun hori lortzeko borrokan elkarrekin egon behar dugu.

Horrenbestez, Soraluzeko Udalak biktimaren senide eta lagunekiko elkartasuna azaldu nahi du, eta irmotasunez adierazten du lanean jarraituko duela berari dagokion eremuetan emakumeen aurkako indarkeriarekin bukatzeko erantzukizunarekin. Era berean, herritarrei dei egiten die GAUR, ostirala, 19:00etan Plaza Berrian egingo den kontzentrazioan parte hartzera.