Azken otargileak zarete?
Azoketan ibiltzen garenon artetik bi gelditzen gara (egon daiteke etxean egiten duenik) eta gu ere laster erretiratuko gara. Bi otargile gaude Gipuzkoan, Nuarben eta Matxinbentan biak (neu Azpeitin bizi naiz), Bizkaian ez dago, Nafarroan ez dago…Adibidez, gu Sustraian eta Netflixen ere atera izan gaituzte.
Zuek zergatik zarete saskigile?
Gizonaren familia da otargilea, aitona, birraitona… auzo osoa zen zesteroa; nik ez nekien existitzen zenik ere. Gainera, oso zaila da ofizioa ikastea. Txikitatik ikasi behar da. Egurra asko ezagutu behar da, materiala prestatu…Gu ezkondu ginenean hasi ginen, orain dela 42 urte.
Zerez egiten dira otarrak?
Gaztainondoaz; haren adarra sei urtetik behin moztu eta berriz irteten da. Ilbeheran botatzen da, hostoa bota aurretik; gero, egurra uretan gordetzen da, urtetan. Munetan ogia egiteko laba dugu eta hor egosten ditugu egurrak.
Zertarako erosten dira otarrak?
Perretxikotarako, egurrarendako, baratzerako, adornutarako, Añanako gatzarendako, Nafarroan olibak batzeko … mila gauzatarako. Bakoitzak bere erabilera ematen dio.
Zeinek erosten ditu eta non?
Euskal Herri osoa pasatu dugu azoketan. Bizkaian bai gazteek eta baita edadetuek ere. Bizkaitar jendea tradizionala da. Nafarroan piloa saltzen dugu. Gipuzkoan gutxiago ibili gara.
Gogorra lanbidea.
Bai. Asko sakrifikatu gara; urte osoan bost domeka bakarrik izan ditugu etxean egoteko, bestela azokarik azoka ibili behar, astean egindakoa saltzen. Gainera, hasi ginen garaian ez zegoen horrenbeste betebehar, baina orain irabazten duzun dirurik gehiena kendu egiten dizuete. Laguntzarik ere ez dugu eduki, dena dira zergak, dena pegak…orain, adibidez, Ticket Bai-rena, libratu egin naiz 60 urtetik gorakoa naizelako, baina bestela hori ere bai. Eta gazteek ez dute halako lanik nahi. Hala ere, guk, erretiratuta ere, jarraituko genuke akaso erakusten, baina ezin da, ez dute lagatzen. Artisautzari industria tratamendua eman diote eta ezin da horrela izan; dena galdu da. Eskulan mordoa galdu da halako gauzengatik. Gu 1981ean hasi ginen; nik ezagutu ditut 40 bat artisau plaza baten bakoitza bere lana egiten, orain, berriz.... lehengo artisautza-lanak denak galtzen ari dira.
Gaztañerre azoka zelan ikusten duzu?
Hor oso ondo zaintzen gaituzte. Gustura ikusten dut horko jendea, lagunak ere asko ditugu. Gustuko herri bat da eta azoka polita da, saltzen dena. Urte guztian saltzen diogu Plazentziako jendeari, enkarguz edo bestela. Baina hor ere gero eta baserritar gutxiagok parte hartzen dute eta beldurra da denborarekin galdu egingo dela.