Zelatan hasi zineten lehiaketarekin?
Erregetxean saltsa pixka bat eta giroa sortzeko. Ikusten genuena zen kuadrillak-eta eguerdian geratu, txikiteoan hasi eta asko Erregetxera igo ere ez zirela egiten. Jendea Erregetxera erakartzeko, postuak, barazkiak eta ganaduak ikusteko, eta herriko sagardoa dastatzeko txosnatxo bat jarri eta sagardo lehiaketa egitea pentsatu genuen.
Zenbat partaide izaten dira?
5-7 partaide bitartean izaten dira. Ea aurten baten bat gehiago animatzen den. Gehienek errepikatu egiten dute: Mendotz, Arkaitz Arana, Argarate baserria, Ostolaza San Martzialgoa… Guztiak herrian egindako sagardoak izaten dira.
Zein da lehiaketako epaimahaia?
Epaimahaikide dira sagardoa probatzen duten herritar guztiak. Iaz, edalontzia erosita, sagardo guztiak probatu ahal ziren eta horien artetik, herritarrak baloratzen ditu gustukoenak, modu anonimoan. Boto gehien ateratzen duenak irabazten du.
Adibidez, iaz zenbat boto izan zenituzten?
Iaz 100 bototik gora jaso genituen. Dena den, eguerdi aldean-eta, sagardo botila osoa erosten dutenak ere badira, txikiteora datozenak, pintxoarekin-eta jendea etortzen da sagardo eskean nahiz eta ez parte hartu lehiaketan, askorendako 5-7 sagardo edatea asko da…
Eta zeinek irabazi izan du?
Iaz, biren artean egon zen lehia, hiruzpalau botoko desberdintasuna izan zen batetik bestera. Orain arte, neuk bi aldiz irabazi dut eta bestea Agarrebeistegik.
Tabernan zenbat botila izaten dira, guztira? Zenbat litro egiten dituzue?
Bakoitzak 20-25 botila bitartean. Iaz denak bukatu ziren. Ez bakarrik lehiaketan. Guk iaz 1.500 bat litro egin genituen. Aurten, oraingoz, 1.100 litro goaz.
Nahikoa sagar dago Soraluzen?
Aurten bai, baina joan zen urtean oso gutxi. Gutxi dagoen urteetan, inguruetatik, lagunen etxeetatik ekartzen da behar izaten denean.
Aurten zelako sagardoa izango da Gaztañerren?
Orain aurkezten duguna aurten botilaratutakoa da ; polita da, itxura ona dauka. Oso gutxi edan dut, baina probatu dudana, gozoa, suabetxoa pentsatu zait.
Besterik nahi baduzu esan…
Jendea animatzeko eta etortzeko herriko sagardoa probatzera. Txosnan jarriko dira pintxoak (txorizoa eta saiheskia, Okelian hartuta) eta saiheskia, eta salda eta gaztainak, noski.