Edukiontzi berriak ipintzen hasi dira

Ubane Madera Zangitu 2023ko aza. 8a, 09:04

Datozen egunotan, edukiontzi urdin eta hori berriak jarriko dituzte Soraluzen. Zenbait puntutan dagoeneko ipini dituzte berriak, baina oraindik ezin dira erabili. Mankomunitatearen esanetan, “hondakinak edukiontzietara botatzea erraztuko” dute edukiontzi berriek, hondakinendako aho handiagoa baitute, besteak beste. Eskualde osoan aldatuko dituzte edukiontziak.

Herriko edukiontzi-guneetan, erretiratuta daude orain arteko edukiontziak etorriko diren berriei lekua egiteko. Hainbat puntutan, berriak ipini ere ipini dituzte, baina oraindik ezin dira erabili. Zerbitzu berria, abenduaren 1ean abiaraziko dute. Bien bitartean, orain arteko edukiontziak erabiltzen segi behar da, horregatik ez dituzte zaharrak oraindik erretiratu. 

Aho handiagoa

Ekartzen hasi diren edukiontzi berriek hondakinendako sarbide edo aho handiagoa izango dute, albo batean. “Herritarrei erosotasuna ematea da zerbitzu berriaren helburua, eta bide batez, zerbitzua hobetzea, edukiontzi berriekin edukiontzi bakoitzera botatako zaborra azkarrago jasotzea lortzen baita”, adierazi dute Debabarrena Eskualdeko Mankomunitatetik.

Xehetasunen arabera, eskualde osoan aldatuko dituzte edukiontziak; Mutrikun hasi eta Deban, Mendaron, Soraluzen, Elgoibarren, Eibarren, Ermuan eta Mallabian, hurrenez hurren. 

Behin edukiontziak aldatuta, abenduaren 1ean hasiko da Mankomunitateak kontratatu duen Prezero enpresa zerbitzu berria eskaintzen. 8 urterako kontratua sinatu dute, 8.153.675 euroko aurrekontuarekin (gehienez jota), “kontuan hartuta enpresak kobratuko duen zenbateko osoa aldakorra izango dela jasoko dituzten edukiontzi kopuruaren arabera. Kontratuak paperaren eta kartoiaren frakzioen bilketa, ontzi arinena eta pilena barne hartzen ditu, baita edukiontzien garbiketa ere”, esplikatu dute Mankomunitatetik.