Zer ganadu jaisten duzue?
Sei buru ditugu, lau handi eta bi txiki; lau handiak jaisten ditugu. Limusinak dira, okelatarakoak. Lehen esnedunak genituen, baina aldatu egin genuen.
Zergatik?
Sanidad sartu zelako. Esnea marmitetan saltzea debekatu zuten, enbasatu egin behar zen derrigor; horretarako inbertsio handia egin behar zen, eta gero dena konplikatzen zen, baita salmentan ere. Hori pasatzen da produktore txikiekin. Inbertsio handiak eskatzen dizkigute eta gero ez da irabazirik izaten, kontrara, galerak akaso.
Baina okela saltzen duzue?
Bai, etxeko behi kopuruari eusteko. Lau baldin baditugu eta urtean behin txahala egiten badute, etxeko orekari eusteko bat saldu egin behar izaten dugu, baina ez du benefiziorik ematen. Lehen, akaso, parra geratzen zinen, baina orain pentsuak-eta igo direnez, ezer ere ez. Buru asko dutenek irabaziren bat izango dute. Gureak terrenoa garbitzeko daude, anaiak gustuko dituelako…
Noiztik saltzen duzue?
Bizi osoan. Bernardo aitaita hasi zen. Hark Matienara ere saltzen zuen, jatetxeetara-eta, okela ona geneukala esaten zuten-eta. Guk beti Iñakiri (Etxabe) saldu izan diogu. Baina hortik bizi sekula ere ez; hemen ganadua duten gehienek zelaiak mantentzeko, etxerako… dute. Soldata beste nonbaitetik atera behar duzu. Soraluzen, Nagore (Egotza) eta Ezozi (Arizaga) izango dira bertatik bizi diren bakarrak eta hala ere, haien gizonek kanpoan egiten dute edo egin izan dute lan. Gaur egun, baserritik ezin da bizi ehunetik ehunean. Gure aitaita ere tailerrean ibili zen lanean.
Berez duzuen egoera zaila aurten zaildu egin da moskitoaren gaixotasunarekin.
Bai. Egun batetik bestera jar daitezke gaixo behiak, baina guk ezin igarri; moskitoaren pikatadatik bost egunez inkubatzen dute. Iraila hasieran gaixotu ziren gure bi behi; ordurako hemen bazeuden kasuak. Gure behi batek besteak baino sintoma handiagoak izan zituen; izaten dituzte mokoak, adurra, zauriak ahoan, mingaina handituta, matrailak handituta… ezin dute ez jan ezta edan ere, batzuk goseak hiltzen dira. Gure biak osatu ziren, baina egin daitekeen bakarra da antiinflamatorioak eman gaixotzen badira eta bestela, bederatzi egunetik behin, uxagarria bota ikuilura eta behietara. Zorionez, gaixotasuna ez da behi batetik bestera kutsatzen.
Zelan ikusten duzue aurtengo Gaztañerre?
Ikusi egin behar, moskitoaren kontuarekin ezin da aurreikuspenik egin.