Nahia Lopez: "Gustuko dudan lana da jendeari laguntzea"

Ubane Madera Zangitu 2023ko aza. 4a, 09:01

Nahia Lopez.

Nahia Lopez (Bermeo, 2001) herriko udaltzaina da behin-behinean, Josu Elesgarai mutrikuarra etorri bitartean. Gernikan bizi da eta asteon hasi da Soraluzen lanean, atzo izan zuen bigarren eguna. Udaltzain moduan, bigarren lanlekua du Soraluze. Maiatzetik da udaltzain eta udan Zarautzen egon da lanean bi hilabetez. 

Zer moduz udaltzain modura?
Bastante ondo. Oso pozik. Lankide onak izan ditut, gustuko lana dut eta oso gustura nago lanean. 

Zelako inpresioa eman dizu herriak?
Ba ez nuen ezagutzen eta oso ondo. Herri polita da, txikia, jendea oso gertukoa egiten zaizu, errazagoa da eurekin komunikatzea. Errazagoa da jendea ezagutzea gero gauzak egin ahal izateko, laguntzeko.

Zelan animatu zara udaltzain?
Nire lehen lana, sorosle modura izan zen; edo umeei igeriketan irakastea eta horrela. Beti egon naiz jendearekin, jendeari laguntzen, jendeari jagoten, prebentzio lanetan… gustuko dudan lana da laguntzea.

Orain Soraluzen zaude, baina nora gustatuko litzaizuke lanera joatea?
Nire gustuko herriak Santurtzi edo Bermeo dira. Kostaldean daude, etxetik hurbilago eta desberdin egiten dute lan, bizilagun gehiago dituztelako. Dena den, hemen lehen ez nekizkien gauza piloa ikusi ditut eta ondo dago gauza berriak ikastea.

Iaz arte ez zegoen udaltzain emakumezkorik Soraluzen; iaztik hona, berriz, hiru etorri zarete. Handitze hori igartzen da?
Bai. Oposaketetan ere asko igartzen da. Emakumeetan altuera minimoa kendu dute eta asko igartzen da hori, aurten ikusi dute gehiago animatu direla eta oso ondo. Egia esan, orain emakumeek ere beste era batera ikusten dute lan hau eta gehiago animatzen dira lan honetan.

Zure ustez onerako da hori?
Nire ustez bai. Emakumeek ahal dugu gure ekarpenak egin. Adibidez, emakumeen artean, gure tratua desberdina da. Sentsibilizazio apur bat izateko. 

Bizkaitarrak ere asko etorri zarete hona azken boladan…
Azken batean, bizkaitarrak gehiago gara, beti izan da horrela.

Soraluzen zauden bitarte honetan zer nahiko zenuke lortu?
Nire asmoa da jendea ezagutzea, jendearekin harremana izatea, tratu ona izatea, laguntzea, jakitea herriak zelan funtzionatzen duen nire abileziak hor jartzeko eta hobetzeko.