'Emakumeok Mugimenduan' APPa aurkezteko jarduerak, bihar Soraluzen

Ubane Madera Zangitu 2023ko aza. 2a, 11:00

Emakumeok Mugimenduan aplikazioa aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak eta, egitasmoa ezagutarazteko helburuz, Txita ibiltaria Gipuzkoako 21 udalerritan dabil irailaz geroztik. Bihar, barikua, Soraluzen egingo du azken geldialdia. Horren baitan, bihar, emakumeek bisita gidatua eta doako sarbidea izango dute Arane kiroldegian.

"Gipuzkoako ia 4.000 emakumeri egindako galdeketaren arabera, 3 emakumetik 1 ez da aktiboa, astean 120 minutu baino gutxiagoz egiten baitu kirola. Gainera, inaktibotzat dute beren burua, eta hori sinesten dute”. Horixe ondorioztatu dute, besteak beste, EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko ikerlariek 18 eta 64 urte arteko emakumeen aisialdiko jarduera fisikoa eta kirol ohiturak neurtzeko egindako azterketa batean.

Errealitate horren aurrean, Gipuzkoako emakumeak ahalduntzeko ekimena jarri zuen martxan aldundiak: Emakumeok Mugimenduan. Emakume orok mugimenduarekin bat egitea du helburu, mugimendua adierarik zabalenean ulertuta, alegia, oinarritik eliteraino; eta aktibotasun hori bistaratzeko eta laguntzeko dinamikak, proiektuak eta ekimenak biltzen dituen programa garatu du.

Bada, egitasmo horren baitan, eguneroko jarraipena egiteko eta emakumeen aktibotasuna sustatzeko aplikazioa aurkeztu du aldundiak, Emakumeok Mugimenduan APPa. Eta aplikazio hori aurkezten dabil, hain zuzen, Txita ibiltaria.

Aplikazioaren ezaugarriak

Bihar, barikua, Soraluzen izango dira bi dinamizatzaile eta aplikazioaren nondik norakoak ezagutzeko aukera izango da. Horrekin batera, Arane kiroldegian doako sarbidea izango dute emakumeek, eta 11:00etan, bertako jarduerak ezagutzeko bisita gidatua egingo dute, emakumeentzat.

Honakoak dira aplikazioaren ezaugarri edo eskaintza nagusiak:

  • Norbere jarduerak erregistratu ahal izango dira, eskuz edo gps-a duten euskarrien bitartez.
  • 30 jarduera baino gehiago izango dira eskuragarri, kirol ekintzak eta bestelako mugitzeko erak barne.
  • Norbere mugimenduaren jarraipena egin ahal izango da. Egunero, astero edo hilabetero egiten diren jardueran kontuan hartuta zenbat minutuz mantendu den aktibo, zenbat pauso eman diren edota zenbat kaloria erre diren jakin ahal izango da.
  • Jarduera bilatzailea izango da erabilgarri, bilaketa irizpide batzuen arabera.
  • Inspiratzen duten emakumeen istorioak izango dira eskuragarri.
  • Erabat doakoa da.
  • Gipuzkoa Kirolak entitateak babesten duenez, norbere datuak ez ditu enpresa pribatu batek jasoko.