Azaroaren 30eko deialdia ELA, LAB, Steilas, ESK, EHNE, Etxalde eta CGT sindikatuek eta pentsiodunen mugimenduek babestu dute eta emakumeak zein gizonak daude protestara deituta.
Deitzaileek salatu dutenez, "zaintza lan guztiak feminizatuak, ikusezinak, prekarizatuak eta pribatizatuak daude. Beraz, bizitza sostengatzeko ezinbestekoak diren lan horiek emakumeen esplotazioan oinarritzen dira. Horrek esan nahi du zaintza, eskubide bezala, ez dagoela aitortua, ezta bermatuta ere. Horregatik, zaintza lanak erdigunean kokatzeko garaia" dela uste dute. Grebaren bitartez, "ardura eta erantzukizuna" ere exijituko diete sistema bere horretan mantentzearen alde egiten dutenei.