Nekroturismoa

“Batik bat, hirietako hilerriek dituzte gauza ikusgarriak”

Ubane Madera Zangitu 2023ko aza. 1a, 12:39

Aitor Arruabarrena.

Aitor Arruabarrenak (Soraluze, 1993) nekroturismoa egiten du. Nekroturismoa da kanposantuak, nekropoliak, katakonbak… bisitatzea, haien aberastasun arkitektonikoak, artistikoak edo paisajistikoak ikusteko, haietan dauden kondaira ezagutzeko zein bertan dauden pertsona ezagunen berri izateko. Arimen Gaua, Gaba Beltza dator; egunotan, kanposantuak nabarmen dotoretzen dira eta bisitari askoz gehiago dituzte. 

Arimen Gauaren harira, kanposantu gehiago bisitatzen duzu? 

Nik ez dut data konkreturik hilerriak bisitatzeko. Egiten dudana da oporretan norabait noanean, ahal badut, hango hilerria bisitatu. Gainera, seguru aski, ez litzaidake gustatuko Domu Santu egunean hilerrira joatea, jende asko egoten da, familia asko, jendea triste… Ez da unerik onena.

Zergatik egiten duzu nekroturismoa?

Txikitatik gustatu izan zaizkit misterioa eta beldurrezko pelikulak–eta. Bestalde, Instagramen eta Interneten badaude nekroturismoarekin lotutako orriak, blogak… Entretumbas da bat, adibidez. Bisitetarako gomendioak ematen ditu. Halakoak ikusten, pentsatu nuen gustatuko litzaidakeela argazkietan barik zuzenean ikustea han gomendatzen zituztenak. Askok pentsatzen dute hilerrira joatea makabroa edo siniestroa dela. Ez dira eroso sentitzen, beldurra ematen die… Eta justu kontrakoa da, hilerri baten ez dago ia inor, oso lasai egoten da; kalean askoz ere arrisku gehiago daude eta irteten gara kalera. Uste baino jende gehiagok bisitatzen ditu hilerriak; gainera, batzuetan egoten dira gidatutako bisitak, talde bisitak… hilerrietan istorio asko ere badaude. Ni ez noa hilerrietara gauza tristeak ikustera ezta hildakoak gustuko ditudalako ere, beste gauza batzuk baloratzera, baizik. Nire ustez, artea da. Batzuk Guggenheimera doaz margolanak ikustera eta nik, adibidez, hori ez dut berdin apreziatzen nahiz eta aita margolaria dudan.


Zein kanposantu bisitatu izan duzu?

Soraluzekoa aspaldi, Bilbon dauden biak -Deriokoa eta Deustu-Arangoitikoa-, Bartzelonako biak -Montujuic eta Poble Nou-, Milango Cimitero Monumentale hilerria, Segoviakoa, Logroñokoa, A Coruñako San Amaro… Dezente ditut ikusita.

Zein hilerrik eman dizu arreta?

Batetik, Bartzelonako Montjuic hilerriak, erraldoia delako. Barrutik autobusak ibiltzen dira jendea eramateko. Nekropoli bat da, herri handi baten modukoa. Bestetik, Milangoak. Pentsatzen dut Milanen hilerri gehiago egongo direla, baina Monumentale da aberatsen hilerria, diru asko dago han barruan. Orain dela asko joan nintzen, baina hori dut gogoan, dirudunak zeudela han. Eta hirugarrenik, Deriokoa, oso nabarmen desberdintzen direlako jende apalaren edo arruntaren hilobiak eta dirudunen hilobiak. Desberdintasun handiak ikusten dira.

Ikusi izan duzu pertsona edo gauza berezirik hilerriotan?

Milangoan Campari edariaren sortzaile David de Campariren hilobia ikusi nuen. Demasa da. Azken Afaria irudikatzen duen eskultura baten azpian ehortzita dago. Logroñokoan, berriz, oso argi ikusten da zenbait kulturatako hilobiak zeintzuk ziren. Oso deigarriak dira, oso koloretsuak, kurtsiak nire gusturako, baina oso-oso ondo zainduta eta garbi egoten dira. Bartzelonako Poble Nou hilerria, berriz, Montjuicekoa baino asko txikiagoa da, baina nekroturismoan oso ezaguna den eskultura bat dago: Herioren Musua. 

Soraluzeko kanposantuak badu berezitasunik?

Gogoan dudanez ez; baina akaso izan lezake, aspaldi ez naizela joan. 

Zein hilerri nahiko zenuke bisitatu?

Hilabete barru Madrilera noa kontzertu batzuk ikustera eta seguru aski hango hilerria ezagutzera joango naiz, La Almudenara; hura ere demasa izango da. Gauza asko ditu ikusteko. Munduan, berriz, Pariskoa… Batik bat hirietako hilerriek izaten dituzte gauza ikusgarriak.