Debabarrena

‘Ni prest nago, eta Gipuzkoa?’ sentsibilizazio kanpaina jarri du martxan Atzegi elkarteak

Erredakzioa 2023ko urr. 20a, 10:27

Kanpainaren aurkezpena Txolarten, Atzegiren egoitzan.

Adimen desgaitasuna duten pertsonek enplegu publikoko plazak eskuratzeko duten eskubidea aldarrikatu nahi du Atzegi elkarteak ‘Ni prest nago, eta Gipuzkoa?’ izeneko sentsibilizazio-kanpainarekin. “Horrez gain, kanpainaren helburua kolektiboarentzat egokitutako deialdiak gero eta administrazio gehiagok eskaintzea da”, elkartearen berbetan.

Herenegun goizean Txolarten (Eibarren) egindako prentsaurrekoan adierazi zutenez, “gizartearen gehiengoak ez daki legez enplegu publikoko plazen %2 adimen desgaitasuna duten pertsonentzat gordeta egon beharko liratekeela”. Zentzu horretan, Jon Iraola Eibarko alkateak aitortu zuen administrazio publikoak pauso asko eman behar dituela oraindik. “Beti ez dira portzentajeak betetzen”, bere hitzetan.

Bi deialdi eredugarri 

Deialdiak egokitzeko ahalegina egiten duten erakundeak gutxi direla aipatu zuten, baina azken urteotan gauzak aldatzen ari direla eta administrazio batzuk eskubide hori egi bihurtzen ari direla. Horren adibide dira azken urtean egin ziren bi oposaketa deialdiak. “Oso erantzun ona jaso zuten”, Atzegikoen berbetan.

Lucia Juarez eibartarrak oposaketa deialdietan parte hartu zuen eta bai berak bai bere amak ere esperientziaren berri eman zuten atzo. “Oso gustora etortzen nintzen Txolartera oposaketak prestatzera”, aipatu zuen Luciak. “Lucia ilusioz beteta ikusi nuen. Konpetentzia handia zegoen, baina nik prozesuari eman nahiko nioke garrantzia”, adierazi zuen amak.

Oposaketan hiru plaza bete behar ziren eta “zaila zen plaza lortzea”, aipatu zutenez, baina azterketa teorikoa gainditu zutenen portzentajea altua izan zen. Hain zuzen, aurkeztu ahal izateko aukera da Atzegik eta adimen desgaitasuna dutenek eta euren familiek aldarrikatzen dutena. “Eurak prest daude; erakundeek eman behar dizkiete aukerak”, Carmen Simon Luciaren amak esan zuenez. “Ikasten jarraitzeko aukerak azkar amaitzen zaizkie eta oposaketekin zerbait gehiago ikasteko aukera dute. Oposaketak egin nahi dituzte, besteek bezala izan nahi dute”, gehitu zuen.