Datorren barikuan, antzerkigintzan eskarmentu luzea duten profesionalak izango dira Herri Antzokiko taula gainean.
Ez naiz inoiz Dublinen egon izenburuarekin, Amesti familiaren Gabonetako topaketa abiapuntu duen antzezlana taularatuko du Ttanttaka konpainiak. Mireia Gabilondo bergararrak zuzendutako lana da eta Gabilondorekin berarekin batera, Aitziber Garmendia, Iñigo Azpitarte eta Iñigo Aranburu aktoreak izango dira taula gainean, Markos Goikoleak egindako antzezlanean.
Neska-lagun ikusezina
[Sinopsia] Amesti familia Eguberri gaua ospatzeko bildu da, baina aurtengoa berezia da. Elena, hiru urtez ikusi ez duten alaba gaztea, Londrestik itzuli da azkenean. Baina ez dator bakarrik, Cindyrekin dator, bere neska-lagun irlandarrarekin.
Denak daude desiratzen irlandarra ezagutzeko, baina inork ez du espero Cindy pertsonaia ikusezina izatea, familia horren oreka hankaz gora jarriko duen Elenaren fantasia bat. Atetik sartzen den momentuan, pertsona bitxi hori onartu ala ez erabaki beharko dute.
Gau zoro horretan zehar, bakoitzak bere fantasiak eta miseriak erakutsiko ditu, ez baita inor libratzen. Elkar onartzeko zailtasunak izan arren, denak gauza beraren bila dabiltzala ikusiko da: bizitzen lagunduko dien ilusio baten bila.
- Egilea: Markos Goikolea
- Zuzendaritza: Mireia Gabilondo
- Antzezleak: Iñigo Aranburu, Iñigo Azpitarte, Mireia Gabilondo, Aitziber Garmendia
- Eszenografia: Fernando Bernues
- Jantziak: Ana Turrillas
- Argiztapenaren diseinua: David Bernues
- Produkzioa: Tentazioa
Bertaratzeko sarrerak Iratxo goxo-dendan daude salgai dagoeneko; horrez aparte, Plaentxia.eus atariak sarrerak zozkatuko ditu antzezlanerako (astelehenetik aurrera).