Atzo iluntzean Unai Larreategi alkatea eta Jone Alberdi Nekazal zinegotzia, Debemeneko Agurtzane Etxaniz eta hainbat baserritar elkartu ziren osoko bilkuren aretoan, aurtengo Gaztañerre azoka antolatzeko bileran. Bertan, hainbat puntu landu zituzten.
Puntu garrantzitsuetako bat abelburuen partaidetzarekin lotutakoa izan zen. Izan ere, irailetik hedatzen ari den behien gaixotasun hemorragikoak erabateko ziurgabetasun egoera eragin du ganaduzaleen artean.
Behien gaixotasuna
Batzarrean esplikatu zutenez, gaur gaurkoz, gaixotasun hori hedatzen duen eltxoari aurre egiteko duten bide bakarra da 9 egunetik behin behiei uxagarria botatzea. Baina hori egin arren ere, ezin dute jakin Gaztañerre egunerako zein egoeratan izango diren behiak eta haiek azokara jaisteko moduan izango diren. Soraluzeko zenbait ganaduzalek izan dituzte kasuak dagoeneko.
Udaleko eta Debemeneko ordezkariek esan zieten erabat ulergarria dela bizi duten ziurgabetasun hori, eta, aditzera eman zieten erakundeen aldetik prest daudela gaixotasunaren ondorioz, azokari begira sor daitezkeen alperreko gastuak bere gain hartzeko; hartara, ganaduzaleek Gaztañerren parte hartu ahal izateko pauso guztiak eman ditzakete (aseguruak egin, garraioa lotu…) eta gero, parte hartzeko ezintasuna suertatuko balitz, gastu horiek Udalak hartuko lituzke bere gain.
Bi barazkigile
Horrez aparte, barazkigileen partaidetzari dagokionez, udal ordezkariek jakinarazi zuten haien partaidetza indartzeko ahaleginak egiten ibili direla baina ez dutela emaitza positiborik lortu. Kontsultatutako barazkigileen esanetan, ortuetan ez dute azokara ateratzeko beste produktu, bakarrik etxeko kontsumorako.
Hori horrela, iaz moduan, aurten ere, barazkigile bik parte hartuko dute azokan: Lezarrik eta Arizagak. Haiekin batera izango da beste postu bat Egotzako produktuekin eta aurten, Elgoibarko LIzagasar Sagartokiko produktuak ere izango dira azokan. Udal ordezkariek esplikatutakoaren arabera, Soraluzekoak izan ez arren, “bere produktuak hemen” saltzen dituztelako gonbidatu dituzte.
Barazkigileekin lotuta, berriz, esplikatu zuten aurten ez dela barazkigileen postuen arteko lehiaketarik egingo, bi bakarrik izanda, bien arteko lehia pizteak ez duelako “zentzurik”. Gaineratu zuten gaiari zelan buelta eman pentsatzeko zuzenean berba egingo zutela protagonistekin.
Taberna eta omenaldia
Osterantzean, bileran esan zuten baserritar nagusien omenaldiari bere horretan eutsiko zaiola, aurten ere izango dela herriko sagardoa, saiheskia eta bestelako pintxoak salduko dituen taberna eta azokaren amaieran baserritarrek egin ohi duten bazkaria Gaztañerre azokaren ondorengo lehen astean egingo dutela.