Enegarren matxura izan zuen Lurraldebusen autobusetako batek zapatuan, 19:00-19:30ak aldera. Oraingo honetan, erregai depositutik erregaia “txorroka” iheska zuela kontatu dute lekukoek eta Ertzaintzak baieztatu du autobusak erregai ihesa zuela eta horregatik bertaratu zirela suhiltzaileak.
Kontuak kontu, Zubi Nagusiko geltokian geratu zen matxuratutako autobusa eta bidaiariek Lurraldebusek bidalitako autobus ordezkoa hartu behar izan zuten.
Gertakariak ikusmin handia sortu zuen eta bolo-bolo ibili zen gaia sare sozialetan.
Domekan beste bat
Bestalde, beste lekuko batek kontatutakoaren arabera, domekan, 14:30ak aldera, Lurraldebusen beste autobus bat Estaziñoko geltokian izan zen hainbat minutuz, atzeko atea itxi ezinda. Saiakera ugariren ondoren, gidariak lortu zuen atea ixtea eta bere bidea segitu zuen autobusak.