Zein zerbitzu eskaintzen dira?
Helburua da lan bila dabiltzan pertsonen enplegagarritasuna hobetzea, zenbait tresna emanez eta zenbait ekintza diseinatuz modu pertsonalizatuan, lanean hasteko. Pertsonari egokitutako elkarrizketen bidez, enplegu-bilaketan, lana topatzen lagunduko diegu, informazio eskainiz, CV-a eta aurkezpen-gutuna modurik onenean idazten, enplegua bilatzeko eta norberaren hautagaitza aurkezteko bideak erakutsiz, elkarrizketak prestatuz… Honako erremintak dauzkate: lana bilatzeko baliabideei buruzko autokontsulta-tresnak; lan-merkaturen informazioa bilatzeko baliabideak; ekipamendu teknologikoa; Internetera konektaturiko ordenagailuak eta lana topatzeko ibilbidean, orientatzailearen laguntza.
Zergatik erabaki da zerbitzu hori Soraluzen ere ematea?
Langabezia-tasa altuarengatik, %13 (2022ko datua, Eustatetik aterata). Pobrezia-tasa, berriz, Gipuzkoako batez bestekoaren gainetik dago eta gainera, baliabide gehienak eta enplegua beste udalerri batzuetan daude. Horrek mugatu egiten ditu joan-etorrietarako ordutegia eta garraioa; zaildu egiten du bizitza pertsonala eta prestakuntzakoa uztartzea, baita denboraren kudeaketa ere; hemen egotean, berriz, gertuko gutxieneko baliabideak eta erantzuna eskaintzen dira.
Orain arte nora joan behar izaten zuten soraluzetarrek?
Elgoibarreraino; orain, Lanbiden jasotzen dituzten zerbitzu batzuk herrian bertan jasotzeko aukera dute.
Zenbateraino laguntzen du halako zerbitzu bat herrian izateak ?
Beste udalerri batzuetan zerbitzu hori eskaintzen izandako esperientziak berretsi digu baliagarria dela enplegua aktiboki bilatzeko, lan-arloko prestakuntza-ibilbideak garatzeko eta beste enplegu-ekintza eta -politika batzuen funtsezko osagarria dela. Herritarrengana informazioa hurbiltzeaz gain, herritarrak motibatzeko eta erabakiak hartzen laguntzeko, haien parte-hartzea bultzatzeko eta haien proaktibitatea sustatzeko baliabide lagungarria da.