'Rote Zora' liburua aurkeztu dute eta salgai dago

Ubane Madera Zangitu 2023ko ira. 30a, 10:05

Soraluzen dagoeneko salgai dago David Lindemannek itzuli duen Rote Zora liburua, 11 euroan. Eguaztenean aurkeztu zuten Gaztetxean, Alemaniako hiri gerrilla feministaren gaineko liburua, gai bera lantzen duen dokumentala proiektatu ondoren, egilea bertan zela. Katakrak argitaletxearen enkarguz itzulitako liburuari buruz, Lindemannek dio “gaiak ezustean harrapatzen” duela “jende asko eta interesa piztu: nola egon zitekeen 80ko hamarkadan talde feminista armatu bat eta ea zelako ibilbidea zuen eta zer gai lantzen zituen”. Barruan itzultzailearekin elkarrizketa.

Iruñeko Katakrak argitaletxaren enkarguz, David Lindemann (Hanburgo, 1976) hizkuntzalari eta itzultzaileak Rote Zora liburua itzuli du alemanetik euskarara. Aste honetan aurkeztu du Katakraken eta Soraluzen, dokumental eta guzti, eta beste zazpi bat komunikabidek ere jaso dute liburuaren berri. Liburua, besteak beste, Iratxon eskura daiteke 11 euroan. Rote Zora 70eko hamarkadaren amaieran sortu zen hiri gerrilla feminista izan zen, emakumeak zapaltzen zituen sistema erasotzea helburu zuena, baita armak erabilita ere. 

Oihartzun dezentekoa izaten ari da Rote Zora (RZ) liburua; zergatik dela uste duzu?
Gaiak ezustean harrapatzen du jende asko eta interesa piztu: nola egon zitekeen 80ko hamarkadan talde feminista armatu bat eta ea zelako ibilbidea zuen eta zer gai lantzen zituen. Hori da liburuan azaldutakoa. Rote Zora taldearen testuak biltzen ditu liburuak, ekintza konkretuei lotutako hainbat komunikatu, mugimendu feministaren aldizkari erreferentziazko batean, Emma aldizkarian, egindako elkarrizketa eta azken testua da halako hausnarketa bat, ibilbidearen amaieran idatzi zutena iraganari eta etorkizunari begira. RZk testu gehiago ditu, baina horiek hautatu ditugu eurek idatzitakoak direlako eta irakurlea garaian kokatzeko.

Nortzuk osatzen zuten Rote Zora?
Zelula Iraultzaileetatik (RZ siglak alemanez) banandu ziren emakume batzuk. Emakumeen kontrako indarkeria eta abortuaren debekua ziren emakumeek landu nahi zituzten gai nagusiak, eta, talde mistoan borrokan ibili behar izaten zuten gai horiek lantzeko, ez zuten gustuko gai horiek emakumeen gaitzat jotzea eta gai orokortzat jotzen zituzten gaiak, berriz, talde mistoak lantzeak. Horrekin apurtzearren sortu zuten talde propioa. 

Zela funtzionatzen zuten?
Talde autonomoetan, zelula txikietan, inkluso batak bestearen berri izan gabe. Ez zegoen egitura zentralizaturik. Erabiltzen zituzten testuetako batzuk ziren teorikoak eta beste batzuek irizpide praktikoak ematen zituzten, nola gauzatu ekintzak-eta. Ez ziren %100 aktibista. Batzuetan Iluntzeko Aktibista deitu izan zieten eta horregatik zailagoa izan zen jakitea zeintzuk ziren zehazki.  RZko emakumeek bizitza normala egiten zuten, zentro komertzial higuingarrietan erosketak egiten zituzten, zinera joaten ziren eta iluntzean beste gauza batzuk ere egiten zituzten. Zein emakume ziren zehazki ez dakigu. Bakarrik bi izen azaldu ziren publikoan, haiek izan ziren harrapatu eta espetxeratu zituztenak.

Zelako ekintzak egiten zituzten?
Adibidez, industria textilaren kontra, kanpaina aldiberekoa egin zuten Alemanian zein Hego Korean, Koreako emakumeekin batera. Garai hartan, Hego Korean ekoizten zen arropa gero Europan oso merke saltzeko. Hego Korean langileak greban zeudela, Alemanian, Rote Zorak saltokiei zuzenean egin zien eraso. Kanpainak arrakasta handia izan zuen. 

Zenbat eraso edo ekintza armatu egin zituzten?
45 eraso baino gehiago, taldea 1995era arte mantendu zen. Ez zuten inoiz pertsonarik erasotu edo zauritu. Azaltzen dute hainbat ekintza ez zutela egin ezin izan zutelako baztertu inor ez zauritzerik. Bortxatzaileen, emakume trafikatzaileen edo bestelako gaiztoen autoak, lorategiak eta halakoak erasotzen zituzten. Testuetako batean esaten dute ea zergatik ez gaituen beldurtzen gizon batek emakumeak saltzea eta erostea baina bai beldurtzen gaituen gizon horren autoa sutan egoteak. 

Zergatik desagertu zen Rote Zora?
Errepresioak jo zituelako. Oso gainean zituzten Estatuko segurtasun indarrak. Bi espetxeratu egin zituzten eta beste hainbat erbesteratu edo desagertu egin ziren.

RZ-k lantzen zituen gaiak orain ere aplikagarriak dira?
Kritikatzen dutenaren ezer ere ez da desagertu edo konpondu.