Ibilbide gidatuak 9 kilometro eta lau orduko iraupena du, Karakaten hasi eta Irukurutzetaraino joan-etorria. Edertasun handiko paisaiak zeharkatzen dira ibilbidean zehar eta balio arkeologiko handiko interesguneak aurki daitezke bertan. Mendilerroan historiaurreko monumentu ugari dago, hala nola, Neolitoko eta Brontze Aroko tumuluak, trikuharriak eta zutarri bat.
Antzina, Dolmenen Ibilbidea Deba eta Urola ibaien bailaren arteko igarobidea zen; gaur egun arrasto anitz aurki daitezke bertan. Ibilbidea erraza eta malda gutxikoa da, familian egiteko aproposa.
Beherapena bertakoentzat
Bisita gidatuak Karakateko aparkalekutik ateratzen dira, Soraluzetik, goizeko 10:00etan. Bisitaren prezioa helduentzat 5€-koa izango da, 12 urtetik beherakoentzat aldiz, 3,5€. Bergaran, Elgoibarren edo Soraluzen bizi diren helduentzat bisitaren prezioa 2,5€ izango da, umeentzat berriz, 1,5 €. Mendian ibiltzeko arropa, oinetako egokiak, ura eta jateko zerbait eramatea gomendatzen da. Eguraldiaren arabera, txapela, eguzki-krema edo eta txubaskeroa kontuan hartu beharko dira.