Aita Mari erreskate ontziaren gaineko erakusketa, Institutuko ikasleen eskutik

Ubane Madera Zangitu 2023ko ira. 26a, 17:14

Institutuko ikasleak Pil-pileanen bulegoan, erakusketaren berri ematen.

Datorren astean, Soraluze BHI Institutuko 4. mailako ikasleek Aita Mari erreskate ontziaren gaineko erakusketa jarriko dute ikusgai Kulturguneko Erakusketa Gelan. Erakusketa, Aita Mari Proiektukoek lagatako materialarekin osatuko dute eta aste osoan zehar izango da ikusgai

Aita Mari erreskate ontziak Mediterraneoko migrazio krisian, itsasoan noraezean dauden pertsonak erreskatatzen ditu eta Institutuko ikasleek iaz Proiektu Komunitarioa izeneko ikasgaiaren baitan ekimen horri laguntzeko proiektua landu zuten. Orain, erakusketarekin amaiera emango diote. 

Erakusketa, datorren astelehenatik, urriaren 2tik, zapatura bitartean izango da ikusgai, astegunetan, 18:00etatik 19:30era bitartean eta zapatuan, 12:00etatik 13:30era.

Gazteek herritar guztiak gonbidatu dituzte erakusketara.