Auzokon egiten diren saioetan, dinamika errazen eta jolasen bitartez, jatorri ezberdinetako partaideek elkar ezagutu eta euskarazko oinarrizko hitzak eta esamoldeak lantzen dituzte, kultura anitzetako herritarron arteko harremanak sortzeaz batera.
Bi saio mota daude: asteroko maiztasuna duten Auzoko saioak eta hilean birritan egiten diren Auzoko Familia saioak. Azken aldaera horretan, partaideak dinamizatzaile batek gidatutako saioetan edo euren artean adostutako ekintzetan elkartu, eta, tailer, txango eta bestelako aisialdiko ekintzak antolatzen dituzte.
Oro har, Auzokon zein Auzoko Familiak egitasmoetan, herritarrak, aniztasuna eta euskara erdigunean jarrita, bizikidetzarako uneak eta espazioak sortzea da gakoa.
Auzokideak eta auzotarrak partaide
Bi dira egitasmoaren baitan bat egiten duten profilak, auzokideak eta auzotarrak; izan ere, herrira etorri berriak diren edota orain arte euskararekin harremanik izan ez duten familiek (auzokideak) hizkuntzara lehen pausoak eman ditzaten, garrantzitsua da euskal hiztunen (auzotarrak) parte hartze aktiboa. Izena emateko epea zabalik da. Honako online formularioa beteta egin daiteke hori: https://forms.gle/rhfUFwi5kJEiG4hK7. Bestela, Pil-pilean elkartearen bulegora bertaratuta.
Auzoko Euskaltzaleen Topaguneak Pil-pilean Euskaltzaleen Elkartearekin eta Soraluzeko Udalarekin elkarlanean sustatutako egitasmoa da.
17 herritan
Aurtengo ikasturtean, Euskal Herrian 17 udalerritan gauzatuko da: Aretxabaletan Arrasaten, Donostian, Eskoriatzan, Gasteizen, Ibarran, Oñatin eta Soraluzen. Halaber, Soraluzek Elgoibarrekin, Urkabustaizekin eta Legutiorekin batera, Auzoko Familiak egingo dute aurrera; eta, azkenik, Nafarroan egingo da nagusiki haurrentzako Auzoko Lagunak ekimena. Hain zuzen, Beran, Lesakan, Etxarri-Aranatzen, Leitzan, Goizuetan eta Donezteben sortu dira taldeak.