Joan den asteaz geroztik ari dira Marokorako materiala batzen hainbat udalerritan. Soraluzen, Feli Oregiren eta Sara Goenagaren bitartez ari dira ekimena gauzatzen eta herritarren erantzun esanguratsua eskuratu du laguntasun deiak.
Orain arte, partikularrek emandakoarekin, dagoeneko bi furgoneta bete material izango dela aurreikusten dute eta seguru aski baita hirugarren bat ere, besteak beste, aurtengo Pandemonium Raid Rallykoek ere emango baitizkiete eurek batuta zituztenak marokoarren artean bana ditzaten.
Bihar, laguntza behar dute
Batutako guztia Urretxu-Zumarragara eramango dute Soraluzetik, biharko, eguaztena. Han, guztia antolatuko dute, barikuan kamioian sartu eta Marokoko Amizmiz herrira eramateko.
Ildo horretan, laguntasuna ere eskatu dute guztia antolatzeko Urretxun, ze jasotako den-dena inbentariatu egin behar dute banan-banan, gero Marokoko muga pasatu ahal izateko. Hori bihar, eguaztena, egingo dute, 16:00etan hasita. Norbait laguntzeko prest baldin badago, Feli Oregiri deitu (669 57 30 75).
Lau lagunek antolatuta
Izan ere, Urretxu-Zumarragako lau pertsona partikularrek antolatu dute Marokorako produktu bilketa eta bidalketa; deialdiarekin bat egin dute beste hainbatek, tartean, Soraluzeko askok, Feli Oregiren eta Sara Goenagaren eskutik.
Goenagak esandakoaren arabera, soraluzetarrekin batera, marokoar asko ari dira gauzak eramaten. Azken batean, Soraluzeko bizilagunen artetik, %7,94a da marokoarra, 3.751 bizilagunetatik 298 dira, hain justu, Marokon jaiotakoak.
Barikuan, behin kamioia beteta, ekimenaren Urretxu-Zumarragako antolatzaileek eurek zuzenean eramango dute batutakoa Marokora eta zuzenean entregatuko diete beharra dutenei, bitartekari barik.