Gaur, barikua, LHko 5. eta 6. mailako gaztetxoendako zabalduko dituzte Udal Gaztelekuko ateak, 16:30etik 19:30ak arte. Bi taldetan banatuta, talde bakoitza ordu eta erdiz izango da, bi hezitzailerekin.
DBHko guztiei zabalik
Asteburuari dagokionez, berriz, berrikuntza modura, DBHko maila guztietako gazteei zabalduko zaie Gaztelekura joateko aukera.
Maite Quintanilla Haur eta Gazte Saileko zinegotziak esplikatutakoaren arabera, hasiera batean, gazte prozesuaren ondorio bezala, DBH 1-2 nerabeei eskainitako zerbitzua izatea aurreikusi bazen ere, iazko ikasturte amaieran, eta baita Gazte kontseiluan ere, Gaztelekuan parte hartzen jarraitzeko proposamena luzatu zuten hainbat nerabek.
Horren ondorioz, proposamena aintzat hartu eta zerbitzua, momentuz, DBH osora zabaltzea erabaki da. Izan ere, Udalak DBH 3-4rako espazio komunitario bat sortzeko aurreikuspena dauka, nerabeekin prozesu parte-hartzaile bat egin ostean martxan jarri nahi dena. Baina bitartean, Gaztelekua erabiltzeko aukera emango zaie; beraien eskakizunari erantzunez.
Erabakia asanblada bitartez
Gaztelekuan, asanblada bitartez, gazte guztien artean erabakiko dute, erabiltzaile ugari izanda, denak gustura egoteko nola antolatuko diren aurrerantzean.
Asanblada hezitzaileek gidatuko dute Udalarekin adostutako proposamen batzuk abiapuntu bezala ipiniz eta gazteen parte-hartzea bilatuz. Gazteekin, bi hezitzaile izango dira ikasturte osoan zehar, eta biharko kasuan, hirugarren bat ere bertaratuko da, ikasturteari hasiera emateko.
Zapatuetan eta domeketan
Zerbitzu hori 17:00etatik-20:00etara bitartean irekiko da zapatuetan eta domeketan. Eta hileko azkenengo zapatuetan, berriz, 18:00etatik 21:00etara, gazteek kontseiluan beranduagora arte zabaltzeko egindako proposamena aintzat hartuz.