elkartasun ekimena

Marokora bidaltzeko produktuak batzen hasi dira

Ubane Madera Zangitu 2023ko ira. 14a, 18:46

Marokon izandako lurrikarak kaltetutakoei laguntzeko produktuak batzen hasi dira Soraluzen. Oinarrizko produktuak eta batik bat, neguari aurre egiten laguntzeko produktuak behar dituzte, baita iraungitze datarik gabeko elikagaiak ere. Soraluzen, martitzenera bitartean batuko dituzte, Estankoan.

Honako produktuak eskatu dituzte: arropa, berokiak, zapatilak, lo egiteko zakuak, kanpin dendak, mantak, higiene pertsonalerako produktuak, fardelak, sorospen produktuak eta iraungitze datarik gabeko edo iraungitze data luzea duten elikagaiak, arroza, pasta, lekaleak eta beste.

Kamioia Marokora

Soraluzen, martitzenera arte batuko dituzte produktuok, martitzena barne, Estankoan. Eguaztenean, berriz, furgoneta batean eramango dituzte Soraluzen batutakoak Urretxura.

Izan ere, irailaren 20an, eguaztena, Urretxu-Zumarragara eraman behar dira han eta hemen batutako guztiak, gero han, produktuak bidaltzeko elkartasun kamioia antolatu behar baitute. Ekimenaren deitzaileak lau lagun dira eta zuzenean joango dira Marokoko Amizmiz hirira hemen batutako gauzak banatzera.