Uxue Agirre Madariagak (Bergara, 1993) irailaren 11n hartu zuen Soraluzeko Udal Liburutegiko kargua. Itzulpengintzan lizentziatua da eta badu esperientzia liburuzaintzaren sektorean. Aurretik, Arrasateko eta Groseko (Donostia) liburutegietan lan egindakoa da eta, orain, ilusioz hartu du Soraluzekoaren ardura. Dio Soraluzeko liburutegian "aukera asko" ikusten dituela eta gainera herria ezagutzen du: "bergararra izanda, ondo ezagutzen dut Soraluze, eta jatorra da bertako jendea".
Liburutegia "denon artean hobetzea" helburu
Liburutegia hobetzeko bere esku dagoen guztia egingo duela agindu du Agirrek eta herritarrei gonbitea luzatu die: "Norbaitek ideiaren bat izanez gero, proposamenak entzuteko prest nago" eta, adierazi du zerbaiten falta nabarituz gero, gerturatu eta eskatzeko, lasai asko: "Nahi eta behar den guztia ekartzeko ahaleginak egingo ditut eta, horrela, liburutegi hobe bat lortuko dugu denon artean".
Liburutegiaren ordutegia:
- Goizez: 11:00-13:00
- Arratsaldez: 16:30-19:30 (barikuetan, 16:00-19:00)