Irailaren 15, 16 eta 17ean koloredun banderatxoek zubia osatuko dute beste behin Gipuzkoa Etorbideko eta Errekaldeko etxeen artean, eta bi auzook elkartzen dituen plazan ospatuko dira Mesedeetako jaiak eta hauen ekitaldi nagusiak:
Dastaketak eta bazkaria
Txupina jaurti eta berehala, txokolatea banatuko dute plazako txosnan eta, guztia edan ahala, txorizo dastaketa hasiko da. Zapatuan, herritarrentzako paella egongo da (bazkariko txartelak salgai daude Asigor dastalekuan eta Iratxon goxo-dendan). Eta bukatzeko, urtero bezala, otarrainxka eta patata tortillen dastaketarekin emango diete amaiera jaiei.
Txapelketak
Lagunarteko lehia Mesedeetako jaien senean dago: ohikoak diren toka txapelketak eta azken eguneko patata tortilla lehiaketa ez dira faltako. Saririk potoloenak, ordea, mus, futbolin eta tute txapelketetan izango dira: bazkaria Txurruka jatetxean, txuletak, untxia, gazta, kriantza botilak... 10€ bikoteko izena emanda, etxera opari ederra eroateko aukera izango dute parte hartzaileek.
Umeentzako jolasak
Kukumixo Aisialdi Taldekoek eta auzoko zenbait lagunek gaztetxoenei zuzendutako jokoak antolatuko dituzte egunero: altxorraren bila, sokatira, aulki jokoa, buruhandiak... Eta, horiez gain, berritasunen artean egongo dira apar festa, 3x3 futbitoa, eta puzgarriak.
Musika eta dantza
Aurtengoan, ikuskizun guztiak soraluzetarren esku egongo dira: azkenekoz San Andresko jaietan aritu zen Dj Anderrak eta Santiago-Santa Ana jaien hasiera alaitu zuen Revolutionary Love bikoteak girotuko dute bariku eta zapatu iluntzea. Domekan, dantza herrikoiak izango dira eta saioa irekia izango da, edonork parte hartu dezan.
Egitaraua ikusteko egin klik hemen.