Haurreskolari dagokionez, oraingoz, zazpi umerekin eta bi hezitzailerekin abiatuko dute ikasturtea. Halaber, gogora ekarri dute, 2022 eta 2023 urteetan jaiotako umeen familiek aukera dutela irailaren 10era bitartean umeak matrikulatzeko, gero, urrian Haurreskolan has daitezen.
Eskola eta Institutua
Plaentxi Eskolari dagokionez, berriz, bihar, eguaztena, guraso bilerak izango dituzte, 17:00etan, euskaraz eta 18:00etan, gaztelaniaz. Ikasleak, berriz, eguenean hasiko dira, 10:00etatik 12:30ak arte. Aurten, 307 ikaslerekin eta 38 irakaslerekin hasiko dute ikasturtea eskolan. Jangela zerbitzua, berriz, irailaren 8an, barikua, hasiko da.
Azkenik, Soraluze BHI Institutuari dagokionez, eguenean izango dute aurkezpena bertan ikasiko duten 178 ikasleek, 10:00etan. Eskolak, berriz, barikuan hasiko dituzte, 08:15etik 14:15ak arte. 33 irakasle izango dituzte erakusten eta jangela zerbitzua irailaren 11n, astelehena, hasiko da.
Aurten, berritasun modura, 1. DBHn hiru ikasgela izango dira, ohi baino ume gehiago izango direlako lehen kurtsoan. Horren ondorioz, iazko ikasturtearekin alderatuta, institutuan gora egingo du ikasle kopuruak, iaz 158 ikasle izan ziren eta aurten 178 izango baitira.