Herriko egutegia Kontrargi Argazki Kolektiboak eta Soraluzeko Udalak argitaratzen dute. Herriko argazkiz ilustratuta egoten da. Garai batean, herriko argazkilari ezagunen argazki zaharrekin, besteak beste Eli Lakuesta, Biribiltxo… Azken urteotan berriz, Kontrargi Argazki Kolektiboko kideen argazkiak izan dira protagonista eta herriko momentuen nahiz leku berezien argazkiak.
Orain, berriro ere hainbat herritarren argazkiz osatutako egutegia izan dadin bultzatu nahi du Udalak eta dei egin du egutegirako argazkiak bidaltzeko.
Parte hartu nahi duenak honako helbidera bidali behar ditu argazkiak: kontrargi@hotmail.es, barikua baino lehen. Jasotako argazkietatik 6 aukeratuko dituzte Kontrargiko kideek eta Udaleko ordezkariek. Horietatik argazki bana egutegiko azala eta kontrazala osatzeko erabiliko dira eta beste lau argazkiak, berriz, hilabete banari lotuta agertuko dira. Gainontzeko argazkiak hurrengo urteetarako gordetzeko aukera ere aztertuko da.
Argazkiak bidaltzeko irizpideak honakoak izango dira:
- Soraluzeko une edo momenturen bati lotutako argazkia izan beharko da.
- Soraluzeko herrian ateratako argazkia izan beharko da.
- Argazkia horizontalean ateratakoa izan beharko da.
- Argazkia ahalik eta kalitate onenean bidali beharko da.
- Parte-hartzaile bakoitzak gehienez 2 argazki bidali ahal izango ditu.
- Argazkiarekin batera honako datuak agertu beharko dira:
- Izen abizenak, kontakturako telefonoa eta argazkiaren titulua.
Aukeratutako argazkiak zeintzuk izan diren iraila erdialdean kaleratuko da. Ostean, 2024ko egutegia Gaztañerre azoka aurretik ipiniko da saltzen herriko komertzio ezberdinetan.