Trafiko aldaketak

Pascual Churruca eraisteko lanak eguenera arte luzatuko dira

Erredakzioa 2023ko ira. 4a, 11:05

Udalak jakinarazi duenez, Pascual Churruca lantegia eraisteko lanak irailaren 7ra arte luzatuko dira (eguena) eta ondorioz, Errekaldeko errepidea barikuan zabalduko dute. Beraz, barikura arte autobusen geltokiak ere lekualdatuta izango dira eta Bergara aldetik herri barrurako sarbidea Santa Anatik barrena bideratuko da.

Udaletik esandakoaren arabera, zapatuan eraiste-lanak egiten ari den Moyua enpresako makina matxuratu egin zen eta aurreikusi gabeko gertaera horri gehitu behar zaio falta diren eraiste-lanak kontu handiz egin beharrekoak direla (etxeak lantegiarengandik oso gertu daude). Gainera lantegia ibai bazterrean dagoenez, hondakinak ibaira jausi ez daitezen ere zaindu behar dela. 

Arrazoi horiek tarteko, aurreikusi dute lanak hasiera batean iragarritakoa baino bi egun gehiago luzatuko direla, eguenera arte eta barikuan zabalduko dute errepidea. 

Autobusak

Autobus lineei dagokienez, Mendaroko autobusak ondorengo geldialdiak egiten ditu: Ezozibideko biribilgunea, Eztaziñokoa eta Oleako zubikoa. Gainerakoak ezabatuta  daude.

Eibar eta Donostiarako autobusak, berriz, Carmelo Mendizabal lantegiaren zubian eta Mendiola industrialdeko zubian gelditzen dira. Herri barruko geltokiak kenduta daude.