FesTVal 2023ko EITB saria jasoko du Tokikomek

Erredakzioa 2023ko ira. 1a, 09:31

Tokikom osatzen duten hedabideetako ordezkariak, 10. urteurrenean, Arantzazun.

Aurten, Tokikomek, euskarazko tokiko hedabideen sareak jasoko du EITB saria, komunikabide taldeak bere 10 urteko ibilbidean egin duen ekarpena aitortuz. Tokikomek adierazi dutenez, saria mundu mailan tokikoak hartzen ari diren lekua aitortzen laguntzen du eta "oso pozgarria" da aitortza hori sektoretik jasotzea. Gaur egun, Tokikom 250 profesionalek eta 76 toki komunikabidek osatzen dute eta horien artean dago Pil-pilean herri komunikabidea. 

Tokikom elkarteak jasoko du aurten EITB Saria FesTVal Gasteizko telebista jaialdian. Euskarazko toki komunikabideen sarearen 10 urteko ibilbidea nabarmenduko du EITBk, eta euskal esparru komunikatiboaren alde egindako lana aitortu.

Tokiko informazioa eta elkarlana

FesTValek zabaldutako oharrean dioenez, "Hamarkada batean, TOKIKOMek agerian utzi du zein garrantzitsuak diren tokiko komunikabideak gizartean, bertako informazioa gal ez dadin. Gainera, elkarlan eredu berriak ezarri ditu, tartean EITBrekin, sektorearen hedapena sustatzeko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko".

Elkarlan horien artean daude: Primeran ikus-entzunezko plataformarako egindako lana, datu kazetaritzan lehen pausoak eman dituen Saretzen proiektua, irratietara tokiko istorioak eramateko irrati-kolaborazioa, partekatu dituzten jakintza eta erremintak, saio bereziak elkarlanean produzitu eta pantailaratzea, etab. 

Aitortza zero kilometroko komunikazioari

Alaitz Artolazabal zuzendariak pozez hartu du saria: "Euskara hutsezko hedabideak aitortzea ez da egunero gertatzen. Komunitate sendoa osatzen dugu, baina are handiagoa bihurtuko bada elkarlan efektiboak beharko ditugu ezinbestean. Positiboa da txikitik egiten dugun ahalegin hau EITB moduko enpresa handi batek ikusi izana eta indarrak ematen dizkigu beste hainbeste urtetan jarraitzeko". 

Tokikomek zero kilometroko komunikazioa lantzen du: "Gertuko komunitatearekin bat eginda, informazioa bertatik bertara lantzeko, inguruko norbanako eta entitateekiko konpromisotik, modu zintzo eta profesionalean. Informazioa bertatik betara lantzen du bitartekaririk gabe, iturriak kontrastatuz eta zurrumurruei bidea itxiz".

Tokikomez gain, ETBko kirol zerbitzuek ere jasoko dute aitortza. Hain zuzen, XV. edizioko sari berezia jasoko dute informazioa eskaintzeko, euskal kirolari zabalkundea egiteko eta kirolean emakumezkoen erakusleiho izateko ere egin duten lanagatik. 

Sari banaketa ekitaldia

Saria irailaren 9an egingo den FesTVal 15. edizioaren galan jasoko du Gasteizko Principal antzokian, 20:00etan egingo den ekitaldian. FesTValak aurrerago jakinaraziko du alfonbra laranjaren gainean desfilatuko duten gainontzeko sarituak zein izango diren.