Trafiko aldaketak

Eguaztenetik aurrera errepidea moztuta izango da Pascual Churruca eraisteko lanak amaitu arte

Erredakzioa 2023ko abu. 28a, 13:36

Udalak jakinarazi duenez, Pascual Churruca eraisteko lanak direla eta abuztuaren 30etik irailaren 5era arte errepidea itxita izango da lantegiaren parean. Ondorioz, Bergara aldetik herrigunera sartu nahi duten ibilgailuek Oleako zubitik barrena Santa Anako aldapatik gora sartu beharko dute. Era berean, autobusak hartzeko lekuak ere aldatu egingo dituzte.

Abuztuaren 30ean (eguaztena), goizeko 08:00etatik aurrera eta irailaren 5era arte, Errekalde kalea moztuta izango da Pascual Churruca lantegiaren parean, berau eraisteko lanak direla eta. Ondorioz, Bergara aldetik Eibar aldera doan trafikoa Santa Ana eta Zubi Nagusitik barrena bideratuko da,  kaleok gauez eta egunez zabalik egongo direlarik, larunbat arratsaldean eta igandean barne. Kamioien kasuan, derrigorrean Mendiolako industrialdetik barrena sartu beharko dute herrigunera.

Errekalde 20tik Zubi Nagusira bitartean dauden garajeetan sartu nahi duten ibilgailuek, berriz, Zubi Nagusitik barrena sartu beharko dute. Hain zuzen, egun horietan, Errabal, Atxuri eta Errekaldeko bidea bi noranzkakoa bihurtuko dute. 

Aldaketak autobus geltokietan

Autobus lineei dagokienez, Mendaroko autobusak ondorengo geldialdiak izango ditu: Ezozibideko biribilgunea, Eztazinokoa eta Oleako zubia. Gainerakoak ezabatu egingo dira.

Eibar eta Donostiarako autobusak, berriz, Carmelo Mendizabal lantegiaren zubian eta Mendiola industrialdeko zubian geldituko dira. Herri barruko geltokiak kendu egingo dira.

Eguenean, Osintxuko errepidea itxita 

Bestalde, Bergarako Udalak jakinarazi duenez, abuztuaren 31n (eguena), eguerdiko 13:00etatik arratsaldeko 16:00etara bitartean, Osintxurako sarbidea moztuta izango da Soraluzetik Bergararako noranzkoan, Sologoen zentralera urak bideratzen dituen presaren mantentze lanak direla-eta, bertan garabi bat ezarriko dutelako. Ondorioz, ordu horietan, Osintxuko autobus geltokia lekuz aldatuko da Soraluce enpresaren zubira.