URTEURRENA

Uholdeak Soraluzen

Ubane Madera Zangitu 2023ko abu. 26a, 10:28

Euskal herritar eta soraluzetar askok ondo gogoan dute orain dela 40 urteko gaurko eguna, abuztuaren 26a. Astebetez ziharduen euria gogotik egiten baina egun hartan, zenbait puntutan, metro karratuko 500 litro pasa bota zituen. Horren ondorioz, uholde handiak izan ziren Euskal Herriko udalerri askotan, baita Soraluzen ere. Mikel Valerok ekarri nahi izan du gogora urteurrena, berak ateratako argazkien bitartez.   

Kronikek eta kontakizunek dioten moduan, azken bi mendeetan, Soraluzen lau uholde handi gertatu dira, azkenak 80ko hamarkadan 1988an eta 1983ko abuztuaren 26an, hain zuzen. Sorapediak, berriz, denboran atzerago egin eta 1553tik 1988ra bitartean izandako 10 ufal handien berri jaso du. Irakurgai HEMEN klikatuta .

1983ko abuztuaren 26a

1983ko abuztuari dagokionez, Mikel Valerok argazkiak atera zizkion urak gainezka zituen Soraluzeri. Argitaratutako sortatik lehen bost argazkiak dira Kontrargi Argazki Kolektiboko kidearenak. Hurrenez hurren, Santa Ana kalekoa, 16:30ean atera zuen; Atxuriko zubiarena 15:40an; Olako zubiarena hurrengo egunean; Sagar Erreka-industrialeko oinezkoen zubiarena, 18:00etan eta astoarena, berriz, 11:45en.

Beste bi argazkiak Soraluze Bizi, Soraluze izan webgunetik hartutakoak dira. 

1983ko hartan, Euskal Autonomia Erkidegoan, 34 lagun hil ziren eta bost lagun desagertu. Uholdeek Bilbon eta inguruan eragin zituzten kalterik larrienak, euri-urei itsasgoraren eragina gehituta.

1988an ere bai

1983ko uholdeez gainera, 1988ko uztailean ere izan ziren Soraluzen. Horren gaineko kontakizuna, besteak beste, DVn irakur daiteke, Javier Peñalbak idatzitako KRONIKAN. Hark kontatzen duenez, Elgoibarren, adibidez, bederatzi lagun hil ziren.

1953an Errekaldeko zubia

Aurretik, 1953an ere, urak hartu zuen Soraluze. Horren erakusle, Atxuriko zubiari ateratako argazkia. Ustez, Jesus Letek ateratakoa da, bere etxetik.