Euskal presoei legedi arrunta ezartzeko eskatu dute

Egoitz Unamuno 2023ko abu. 7a, 12:00

Atzo eguerdian, Euskal Herriko hamabost hondartzatan egin zituzten mobilizazioak Etxeratek deituta, tartean Debako hondartzan.

Etxerat euskal preso eta iheslarien senide eta lagunen elkarteak deituta, presoen eskubideen aldeko elkarretaratzeak egin zituzten hamabost hondartzetan. Gipuzkoari dagokionez, Donostian (Kontxan), Hondarribian, Mutrikun, Orion, Zarautzen eta Deban. 

Bertan, Etxeratek salatu zuen euskal presoei "salbuespenezko legedia" ezartzen jarraitzen dutela eta horren adibide azken hilabeteotan gertatu diren bi kasu aipatu zituzten: Ainhoa Barbarin Urretxuarrari bigarren aldiz espetxeak berak planteatutako hirugarren gradua bertan behera laga izana eta Xabier Atristain berriz kartzelan sartzeko erabakia, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak esandakoari jaramonik egin gabe. "Egiten ari den jazarpena salatzen dugu, justizia ez baita bere boterea justiziaz erabiltzen ari, errebantxa eta mendekuz baizik, beste garai batean bizi garela kontuan izan gabe" salatu du Etxeratek eta "legezkotasuna" ezartzeko eskatu du, "Estatuko espetxeetan dauden milaka preso horietatik edozeini aplikatzen zaion legezkotasun bera".